Usurbilgo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu eta gero sartu da indarrean Mugiment kirol txartela. Agiri honen jabeek, "Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako herrietako kirol instalazioak erabili ahal izango dituzte, kostu gehigarririk gabe".
Mugiment txartela aktibatzeko prozedura
Erabiltzaileek Kirol Txartela Mugiment aplikazioa deskargatu (erabilgarri dago Google Playn zein App Storen), eta bertan erregistratu beharko dute. Aplikazioaren bidez egin ahal izango dituzte erreserbak. Hori bai, kiroldegi bakoitzak kudeatuko ditu erreserba horiek (onartuz edo ukatuz). Kirol instalazioan, erabiltzaileek NAN txartela eta txartel birtuala erakutsi beharko dituzte.
"Jarduera fisikoa eta kirola egiteko erraztasunak eman eta aukerak biderkatzea da Mugiment kirol txartelarekin bat egiteko erabakia", Xabat Beloki Segurola kirol zinegotziak aditzera eman duenez. "Gaur egun, Mugiment kirol txartelaren erabiltzaileek 90 herri inguruko 157 kirol instalazio erabiltzeko aukera dute".
Usurbilgo kasuan, igerilekua eta gimnasoa baliatu ahal izango dira
Udalerri bakoitzak aukera dauka erabakitzeko kirol txartelaren bidez zein zerbitzu eskainiko dituen, eta zein ordutegitan. Zerbitzu horiek aldagarriak izan daitezke, momentuko beharren arabera (obra edo ekitaldi bereziren bat badago, esaterako). Beste herri batzuetatik Usurbilera datozenek igerilekua edota gimnasioa erabili ahal izango dute Mugiment txartelari esker, honako ordutegian:
Astelehenetik ostiralera: 07:00-09:00 / 14:30-16:00 / 20:30-21:30.
Larunbatetan: 09:00-10:00 / 13:00-21:15.
Igandetan: 09:00-10:00.