Mikel Laboa gogoan

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 1a, 12:17

Hamabost urte bete diren abenduko lehen egun honetan ere Mikel Laboa gogoan du Usurbilek.

Urteak joan, urteak etorri, denon oroimenean bizirik dirau Mikel Laboak eta berak utzitako kultur ondare aberatsak. Ostiral honetan, abenduaren lehen egun honetan bete dira hamabost urte zendu zenetik. Aurreko urteetan egin izan duen moduan, gaurkoan ere herri honek oroimenerako tartea bermatu nahi izan du, leku eta modu ezin egokiagoan.

Laboak utziko sorkuntza ondarea entzungai izango da egunean zehar, leku ezin aproposagoan; berari eskainitako eta bere izena daraman Mikel Laboa plazan. Hantxe da bere omenezko plaka eta eskultura, hartueman estua izan eta aurtengoan 50 urte bete dituen frontoi atzeko Jose Luis Zumetaren muralari begira. Plazara gerturatu eta Laboaren musika entzunez egoteko egun aproposa, ostiral euritsu eta hotz honek baimentzen badigu behintzat.