Euskararen Eguna

Kantuan plazaratu dute euskara

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 1a, 13:44

Euskararen Eguna kantuan plazaratu dute Udarregi ikastolako ikasleek eguerdian frontoian eskaini duten emanaldiaren bidez.

Igandean izango ditu abenduak 3. Etzikoa, Euskararen Nazioarteko Eguna izango da. Jai egunez egokituta, ostiral honetara aurreratu ditu egun horri begira Udarregi ikastolatik iragarriak zituzten ekimenak. Haietako bat dugu lerrootan mintzagai; kantu saioa. Eguerdian eskaini dute Jaione Eskudero musika irakaslearen gidaritzapeko emanaldia, euria tarteko urtero moduan Mikel Laboa plazan ezin eta Usurbilgo frontoian.

Euskara kantuan plazaratu dute, ezagunak zaizkigun hainbat abestien bidez. Ez da, ordea, ostiral honetarako ikastolatik iragarria zuten hitzordu bakarra. Kantu saioaren aurretik, herriko txoko ezberdinetan hainbat ekintza egitekoak zituzten; euriagatik, ordea, Oiardo kiroldegi barruan egin dituzte.

Hainbat guneren bidez, dantzan, pankartak egiten, euskaraz abestu eta aldi berean sokasaltoan, saski-lokotx jolas kooperatiboan eta buruhandi artean ibiltzekoak ziren. Arratsaldean, euskarazko hainbat film ikusteko asmotan dira. Hori dena LHko ikasleen kasuan. DBHkoentzat askotariko jarduerak programatu dituzte ikastolan, ostiral honetarako: karaokea, euskarazko hitzik politena aukeratu, manifestuaren irakurketa... Horrez gain, Euskaraz Bizi taldekoekin Euskararen Erronka eta haiek gai-jartzaile lanetan zituen bertso-saioa ere iragarri dute.