Herri ordezkaritza zabala Durangoko Azokan

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 5a, 07:13

Bihar hasi eta abenduaren 10era arte luzatuko da 58. Durangoko Azoka. Hitzordu eskaintza zabalean, hainbat usurbildar ageri dira.

Aurtengo edizioan 265 ekitaldi eta 950 nobedade iragarri ditu antolakuntzak; "689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai. Esanguratsua da musika produktuen hazkundea, iaz baino 38 ale gehiago izango direlako. Nobedadeen harira, aipagarria da komikiek eta ilustrazioek hartu duten indarra. Berrikuntza lez, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko da pantailen bidez". Egitarau osoa eta nobedadeen berri durangokoazoka.eus atarian jaso ahalko duzue.

Albiste hau lerrootara dakarkigu halere, bertan iragarri duten ekitaldi eskaintza zabal horretan, urtero moduan herri ordezkaritzarik ez delako faltako. Haien lan berriak aurkezten izango dira aurtengoan, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria, Jakoba Errekondo, Pello Zubiria aginagarra, Rukula musika taldea eta Joseba Larratxe.

 

Durangoko Azoka   

Abenduak 8, ostirala

16:00-16:30 Saguganbara-Elkartegian: 'Mari Gonagorri eta hamazazpi berri' Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren Denonartean argitaletxeak plazaraturiko liburu aurkezpena.

16:30-17:00 Talaia-Landakogunean: '2024ko ilargiaren egutegia' aurkeztuko du Jakoba Errekondok (Argia).

Zehaztasunak: "Ilargiak landareengan eta beste hainbat esparruetan duen eragina azalduko du Jakoba Errekondok . Ilargiaren Egutegia aurkeztuko du".

Rukula taldeak 'Traganarru' diskoa aurkeztuko du abenduaren 9an ahotsenean

 

Abenduak 9, larunbata

12:00-13:00 Talaia-Durangoko Museoan: 'Geuretik Sortuak: interakziotik fikziora. Geure herrien eta sortzaileen arteko interakziotik sortutako kontakizunak' egitasmoaren aurkezpena. Sorkuntza lanon artean, hemen uda partean eginiko egonalditik Iñaki Martiarena "Mattin"-ek Usurbilen giroturikoa dago.

17:30-18:00 Talaia-Landakogunean: '2024ko ilargia eta landareak: urteko lanen agenda' aurkeztuko du Jakoba Errekondok (Argia).

18:00-18:30 Talaia-Landakogunean: Pello Zubiriaren 'Planeta prekarioan. XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak' (Argia) liburuaren aurkezpena.

19:10-19:40 Ahotsenea Musika-Plateruenan: Rukularen 'Traganarru' lan berriaren aurkezpen-kontzertua. Rock talde instrumentalaren estudioko hirugarren lana Andoaingo Studios Garaten grabatu da, Martxel Arkarazo taldeko baxu-jotzaile eta soinu-teknikariaren aginduetara. "Bertan, etiketa bakar batean sailkaezinak diren zortzi abesti sartu dira. Rukula zuzenekoetan lehertzeko prest dagoen banda bat da!".

 

Abenduak 10, igandea

12:00-13:00 Talaia-Landakogunean mahaingurua: “Euskadi Sariak-Irakurketa eta gazteak. Patxi Zubizarreta, Joseba Larratxe eta Miren Billelabeitia". 2023an saritutako liburuak abiapuntu harturik, gazte literaturaren mugak aztertu eta gazteak irakurtzera nola bultzatu aztertuko da.

Informazio gehiago durangokoazoka.eus atarian.