Amaia Aldaik aise nagusitu zaio Miriam Arrillagari (22-3). Iazko txapelduna da Aldai eta asko jokatu du. Sakearekin bereziki sekulako triskantza egin du, denera 10 tanto egin dizkio lehen pilotakadarekin eta uste baino askoz garaipen errazagoa eskuratu du.
Miriam Arrillagak, bere aldetik, ez du bere maila ematerik izan, nahiz eta piloteoan aritu diren aukera gutxitan, kolpez aurkaria baino gutxiago ez dela erakutsi duen. Sasoian eta ilusioarekin heldu da aginagarra Abadiñora, lehen tantoetan aurkaria estutzea ere lortu du tarteka, baina batzuetan behar izaten den zorte puntu hori ere ez du alde izan, eta erabat amildu da. Dejada bikain batekin lortu du bere lehen tantoa Arrillagak (15-1), baina Amaia Aldaik ez dio inolako erreakziorako aukerarik eman eta espero baino errazago eskuratu du finalerako txartela Amaia Aldai aurrelari arratiarrak.
Finala abenduaren 17an jokatuko du Goiuri Zabaletaren aurka. Partida Durangoko Ezkurdi frontoian jokatuko da eguerdiko 12:00etan eta ETB1ek eskainiko du zuzenean.