'Trantsizio ekosoziala' definitzeko bilkura deitu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 8a, 07:38

Udalak lau erronka identifikatu eta misio bihurtu ditu. Lau misiotatik hiru jada definitu ditu (Zaintza, 650 Usurbil Bizi eta Udala, gertu) eta "orain laugarrena, Trantsizio ekosoziala, definitzeko unea iritsi da", udal iturriek aditzera eman dutenez. Lehenengo bilera abenduaren 14an izango dela iragarri dute. Potxoenean batuko dira, arratsaldeko 18:00etan.

Usurbilgo Udala berrantolaketa betean sartuta dago, lan egiteko modu berriak ezinbestekotzat jota. Berrantolaketa hori bi modutara egiten ari da.

Batetik, orain arte, udaleko sail bakoitzak bere batzorde informatzaile propioa zuen: orain, berriz, hiru lantalde zabaletan biltzen dira (herritarrak, lurraldea eta antolaketa). Horrek sailen arteko komunikazioa eta elkarlana erraztu du.

Bestetik, misioen araberako udal jarduna ezarri du: herriko era askotako eragileen elkarlana bultzatu nahi du, herriak dituen erronkei nola aurre egin elkarrekin erabaki eta elkarrekin lan egiteko.

Misioen arabera lan eginagatik, ordea, udalak egunerokoari erantzun behar dionez, herritarrekin eta eragileekin adostu nahi du zein izango den Usurbilgo gobernantza eredua. "Eredu horrek bi alorrei erantzuteko baliogarria izan beharko du, hau da, egunero martxari eta misioen lorpenari. Trantsizio ekosozialaren misioa ezartzeko saioak amaitutakoan ekingo dio gobernantza ereduaren inguruko hausnarketari", ohar bidez jakinarazi dutenez.