Tailer eta ikastaro gehiago ate joka

Noaua Aldizkaria 2023ko abenduaren 11

Barreterapia, sendabelar eta talo tailerrak nahiz KzGuneko ikastaroak. Lerrootan duzue datozen saio hauen guztien berri.

Barreterapia familian Santuenean
Azaroan antolatu zuten lehen saioa, bigarrena larunbat goiz honetarako, abenduaren 16rako. Barreterapia tailerraz ari gara. Santuenea Kultur Elkarteak iragarritako familia giroko ekimena goizeko 10:30etan abiaraziko dute auzoko Gure Txikiak ludotekan. Izena aurrez eman beharko da, santueneaguretxikiak@gmail.com helbidean. Prezioa familiako 10 eurokoa izango da.

Sendabelar ikastaroa
Abenduaren 1ean Txokoaldeko Txokoargi auzo elkarteak antolaturiko sendabelar ikastaroaren segidako bigarren saioa iragarri dute ostiral honetarako, abenduaren 15erako, 17:30-19:30 artean aipatu egoitzan. Leire Lazkanok bideraturiko saiorako izena aurrez eman beharko da, 619 591 849 telefono zenbakian (16:00-18:00 artean).


Talo jana
Gabon giro betean murgiltzeko ekintzen artean, Aginagan antolatu duten tailerra dago. Larunbat honetan, abenduaren 16an, 18:00etan hasita taloa egiten ikasteko aukera izango da Eliza Zaharrean, bertako Elkarguneak antolatuta. Taloak egiten ikasita, gero talo-jana egingo dute bertan.


Kantu Taldekoen ikasturte amaiera
Ikasturtea urtarrilean hasi ohi dutenez, 2023koa amaitzear du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak, eta agurra kantu-afari baten bueltan egin nahi dute ostiralean, abenduaren 15ean, 20:30etan hasita Patrienean. Herritar ororentzako zabalik izango den hitzordua Asteazkenekoak kantu taldeak, akordeoi eta arrabita joleek girotuko dute. Otordurako izena, astearte hau, abenduaren 12a baino lehen eman beharko duzue, 688 690 361 (Iban) telefono zenbakian. Gogoan izan, Kantu Taldea astelehenero biltzen da 18:00etan Agerialdeko musika gelan. Gabonetako etenaldiaren ondotik, urtarrilean ekingo diote ikasturte berriari eta kantu-jiren hurrengo denboraldiari.


Dantza garaikiderako kide berri bila
Dantza garaikideko taldea asteazkenero biltzen da, 18:45-20:45 artean, Udarregi ikastolan. Eneko Gil dantzari profesionala da taldeko bideratzailea. “Taldea osatzeko beste hiruzpalau kide beharko genituzke”, azpimarratu dute taldetik. Izena emateko, idatzi whatsapp mezua 657 73 95 23 telefono zenbakira (Marta) eguerdietan, 13:30-14:30 artean, astelehenetik ostiralera. Sorkuntza, hainbat pauta emanda inprobisazioa lantzen dute. Probatzeko deia egin dute, aurtengoan berriz ere osatu duten taldetik.


KzGunea
Segidan duzue KzGunera urtarrilean datozen ikastaroen berri. Urtarrilaren 2tik aurrera 16:00-20:00 artean irekiko dute. Hilabete honetan zehar, goizez, 9:00-13:00 artean, baina adi; gabonak tarteko, hilaren 22an irekiko dute azkeneko aldiz. Urtarrilaren 2ra arte itxita egongo da gero. Urte berriko lehen ikastaroak honako hauek izango dira KzGunean:
-Urtarrilak 2-15, 16:00-18:00: "Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi".
-Urtarrilak 16, 18:00-20:00 "Egon zaitez aktibo Google Fit eta Wikilocekin".
-Urtarrilak 22-31, 18:00-20:00 "Kudeatu zaitez Google aplikazioekin".

Informazio gehiagorako:
kzgunea.eus
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net