"Usurbildarren eta xiberotarren arteko harremanak aurrera darrai", ziurtatu diete ohar bidez NOAUA!ri. Abenduko lehen asteburuan urte luzez egin duten moduan, Xiberoa aldean izan zen Usurbilgo eta Aginagako koadrila, hango ikastoletako integrazio batzordearen aldeko elkartasun afaria sukaldatzen. Han bizitakoaren berri helarazi diote NOAUA!ri, segidan duzuen testuaren eta albiste honi atxikitako argazkiaren bidez.
Otarren banaketa
Gogoan izan, bestalde, Xiberoako ikastolen aldeko otarren kanpaina bideratu dute azken asteotan. Usurbilen Nafartarrak taldekoen eskutik heldu da elkartasun ekimena urtero moduan. Horretarako aurrez finkatua zuten epealdi barruan ikastoletako gurasoek ekoitzitako tokiko produktuez hornituriko otarrak eskatu dituzuenok adi; ohi bezala, igande honetarako, abenduaren 17rako NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko San Tomas azokan Nafartarrak taldeak jarriko duen postuan eskuratu ahalko dituzue.