Usurbilgo Udalak dituen dirulaguntza lerro gehienen ebazpenak kaleratu zituen aspaldi, baina ez denak. Ekintzaileei zuzenduriko bi deialdi izaten ditu martxan urtero; bat, urtebetez Kabiene elkarlan gunean proiektuak garatzeko; bigarrena, herrian dauden merkataritza-lokal hutsak biziberritzera bideraturikoa. Egun eskaintzen ez diren zerbitzuekin lotutakoak edota ixtear izan edo itxi berriak izan diren jardueren jarraipena bermatzen dutenak lehenetsi nahi izaten ditu Udalak. Bateko zein besteko deialdietara eskabideak aurkezteko aukera izan zuten interesdunek iragan irailaren 30era arte.
Epealdi hau igarota, azaroaren 24an Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak jasotako eskabideei lotutako ebazpena onartu zuen. Hiru izango dira onuradunak; honenbestez, hiru jarduera berriek herrian hutsik dauden beste hainbeste merkataritza-lokal biziberrituko dituzte, itxita zeuden hiru gune guztira. Jarduera ekonomiko berriok eragindako hasierako gastuentzat nahiz lehen bi urteetako alokairu gastuei aurre egiteko Udalaren laguntza jasoko dute hiru jarduera ekonomiko berriok.
Gogoan izan, negoziook abiarazteko hasierako gastuei aurre egiteko gehienez 5.500 euroko laguntza ematea onartua du Udalak dirulaguntza deialdi honen oinarrietan. Lokalaren alokairu edo erosketa gastuetarako, lehen urtean gehienez 400 euro hilean, bigarrenean 300 euro gehienez jota.
Informazio gehiago, abenduaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.