Hildako bat, bart N634 errepidean Kalezar parean izan den ezbeharrean

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 12a, 12:16

Gaueko hamaikak aldera jazotako ezbeharra ikertzen ari da Ertzaintza. Bi hilabeteko epean gune berean izan den bigarren hildakoa da.

Ezbeharra beste behin, duela bi hilabete jazo zen leku berean, N634 errepidean, Kalezarko autobus geltokiaren parean. Bart gaueko 23:00ak aldera 76 urteko gizonezko bat hil dela berri eman dute. Hala jakinarazi zuen ezbeharra gertatu eta berehala Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak. "Istripu larria N634 errepidean 3. kilometroan Usurbilen Bilboko norantzan".

Ibilgailu baten azpian geratu zen antza bertan hil zen 76 urteko gizonezkoa. Larrialdi zerbitzuetakoak heldutakoan ez zuten ezer egiterik izan. Gertatutakoaren nondik norakoak ikertzen ari da Ertzaintza. Momentuz, aurreratu duenez, "herritar batek larrialdi-zerbitzuei jakinarazi zien pertsona bat galtzadan etzanda zegoela, eta, ondoren, bi ibilgailuk harrapatu zutela".

Horren ostean, aipatu moduan, "gertatutakoaren berri izan ondoren, Ertzaintza, suhiltzaileak eta osasun-langileak bertaratu ziren biktimari laguntzeko, baina haren heriotza egiaztatu besterik ezin izan zen egin".

Ezbeharra aipatu moduan, N634 errepidean gertatu da, Kalezarko autobus geltoki parean. Ezinbestean gogora datorkigu duela bi hilabete gune berean zendu zela baita Usurbilgo gazte bat.