Azterketa garairako ikasgela berria

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 12a, 11:58

Argazkiak: Usurbilgo Udala.

Ikasleen azterketa garairako behin-behineko ikasgela egokitu du Usurbilgo Udalak DYAk Munalurran duen egoitzan. Asteazken honetan irekiko dute.

Azterketa garaian bazabiltza edo tarte hau ate joka baduzu, adi Usurbilgo Udaletik plazaratu duten jakinarazpenari. Izan ere, ikasteko leku bila bazabiltza, gune berri bat egokitu du Udalak, hain zuzen, DYAk Munalurran duen egoitzan. Gune hau "behin-behineko ikasgela" gisa egokitu du eta aurrerantzean zabalik izango da; bihartik, abenduaren 13tik hasita urtarrilaren 31ra arte. Astelehenetik larunbatera zabalduko dute, 9:00-19:45 artean. 

Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez, "urtean bitan irekitzea da asmoa", hain zuzen, ikasle askoren azterketa garaia izaten den "abendu-urtarrilean eta maiatz-ekainean". Espazio egokitu honek hamasei lagunentzako lekua izango du. 

"Sutegi liburutegian bada ikasteko espazioa, baina hainbat erabiltzailek ohartarazi izan dute ez dela egokia. Arazo hori bideratzeko proiektua idatzia du udalak, eta bitan argitaratu du lizitazioa: bi aldietan, ordea, hutsik gelditu da. Ikasgela egoki baten beharrak bultzatuta, DYArekin hitz egin eta haiek erabiltzen duten lokala urtean bitan behin-behineko ikasgela gisa erabiltzea adostu dute".