Gabonak 2023

Hurbilagok gabonetarako salerosketen eremua piztu du

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 12a, 10:46

Ohiko etxola argiztatuak piztu ditu Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteak sektore honen Kaxkoko eremua inguratzen duten bi biribilguneetan. Adi, Hurbilagoren datozen deialdiei.

Piztu du herria, herriko saltokien eremua. Gabon giroan murgilarazi du dagoeneko herria Hurbilago Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteak. Kaxkoa inguratzen duten bi biribilguneetan, azken urteotan ezagunak egin zaizkigun egurrezko etxetxo argiztatuak jarri ditu egunotan. Iluntzeetan, Zubiaurrenea eta Errekatxiki kaleek bat egiten duten biribilgunetik igarotzen bazarete edota baita Mikel Laboa plaza ondoan dagoen biribilgunetik, dagoeneko urte garai honetarako girotuak daudela ohartuko zarete.

"Kaleei bizia eta argitasuna eman nahian" apaindu ditu Hurbilagok bi eremuok. Ez soilik biribilguneak, elkarteko kide diren saltokietan ere "pareko apaingarriak jarri dira", berri eman dute. Eta hala segiko dute datozen gabonak igaro arte, urtarrilaren 8ra arte hain zuzen.

Tarte horretarako, asteotarako alegia, hainbat deialdi plazaratu ditu Hurbilagok; batetik, gogoan izan, herriko produktuez hornituriko 650 Usurbil Bizi otarren zozketarako txartelak eskura ditzakezue herrian erosiz gero. Otarrok abenduaren 30ean zozketatu eta biharamunean, hilaren 31n banatuko dituzte ekitaldi batean. Urteko azken egun horretarako, bestalde, antolatu dute Usurbilgo sektore honetako saltokien eremuari bi itzuli ematen dizkion Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa ezaguna. Hitzordurako izen-ematea irekitzear dute:

Hurbilago gabonetan
Abenduaren 30era arte
650 Usurbil Bizi otarren zozketan parte hartzeko txartelak saltokietan egindako erosketetan eskuratu ahalko dira: Aizpurua okindegia, Alkartasuna baserritarren kooperatiba, Ane ile-apaindegia, Arruti harategia, Artzabal baserri-jatetxea, Enar estetika, Esnaola janari-denda, Intza ile-apaindegia, Iratze natur-denda, Laukote okindegia, Laurok liburu-denda, Lizardi liburu-denda, Lurda mertzeria, Ni ile-apaindegia, Opil-Goxo, Otar-Goxo eta Usurbilgo Optika.

Abenduaren 15etik aurrera
Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketan izen-emateko aukera, gertuago.eus atarian.

Abenduak 30, larunbata
650 Usurbil Bizi otarren zozketa.

Abenduak 31, igandea
13:00 650 Usurbil Bizi otarren banaketa ekitaldia frontoian.
17:00 Hurbilago San Silbeste Herri Lasterketa frontoitik. Lasterketa amaieran, oparien banaketa.

Antolatzailea: Hurbilago Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkartea.