Udal gobernuaren aurrekontu proposamena hobetzeko asmoz, EAJ-PNVk zazpi egitasmo luzatu ditu. Proposamen hauen helburua "usurbildarren ongizatea hobetzea eta udalerriaren garapena eta aurrerapena bultzatzea da. Guztira, funtsezko arloak jorratzen dituzten zazpi proposamen egin dira, hala nola hirigintza-hobekuntzak eta azpiegiturak, ekintzailetza bultzatzea eta kirol-ekipamenduak indartzea", EAJtik prentsa-ohar bidez azaldu dutenez.
Kiroldegiko gimnasioko materialaren berrikuntza
Usurbilgo EAJ-PNVren proposamenetako bat udal kiroldegiko gimnasio gelako makinak berritzeari buruzkoa da. "Aldez aurretik zenbait berrikuntza egin diren arren, gaur egungo makina asko zaharkitutzat jotzen dira", dio alderdi jeltzaleak. "Proposamenaren helburua da makina ergonomikoagoak eta seguruagoak erostea, 30.000 euroko inbertsioa eginez. Horri esker, erabiltzaileek ingurune egokiagoa eta seguruagoa izango dute entrenamendu fisikoa egiteko".
Ekintzailetza-tailerrak
'Usurbil Zabalik' ekimenaren baitan, Usurbilgo EAJ-PNVk ekintzailetza-tailerrak sortzea proposatu du. Mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuez gain, hitzaldiak eta ekintzailetza-saioak antolatzea planteatzen da, "usurbildarren artean izpiritu ekintzailea sustatzeko". Proposamen honen helburua ez da soilik enplegua eta aberastasuna sortzea Usurbilen, "baizik eta udalerrian erabiltzen ez diren lokalak zabaltzea jarduera ekonomiko berriekin. Ekimen honetako adituen gastuak eta materialak ordaintzeko 5.000 euro bideratzea proposatzen da".
Segurtasunaren eta irisgarritasuna bermatzeko ekimenak
San Inazio kaletik Aitzezarra kaleraino, Zelai Aunditik igarota, oinezkoentzako ibilbide seguru bat eraikitzeko aukera emango duen proiektua idazteko 7.000 euroko inbertsioa egitea proposatu du EAJk. "Horrek berekin dakar biribilgune batean espaloiak handitzea eta zebrabide berri bat prestatzea, bai eta Autobus Geltokitik Atxegarako bide-ertzak egokitzea ere. Asmoa da segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea herritarrei joan-etorrietan". Era berean, oinezkoentzako ibilbide seguru hori eraikitzeko, 48.000 euroko inbertsioa egitea proposatu du Usurbilgo EAJ-PNV alderdiak.
Artzabal pilotalekua estaltzea
Artzabal pilotalekua estaltzeko proiektua idazteko, 25.000 euroko partida gordetzea eskatu du alderdi jeltzaleak.
Santuenea eta San Esteban arteko bidea berritzea
Auzoak ere badira jeltzaleen kezka-iturri. Santuenetik San Estebanerako bidea egiteko proiektua eguneratzea proposatu dute, 3.500 euroko inbertsioarekin.
EAJ-PNVk prentsara igorri duen idatzian, elkarlanerako borondatea duela esan daiteke. "Usurbilgo EAJ-PNVk udal gobernuarekin elkarlanean jarduteko duen prestasuna nabarmendu du, usurbildarren bizi-kalitatea eta udalerriaren garapen iraunkorra nabarmen hobetzeko. Proposamen hauek Usurbilekin duen konpromisoa islatzen dute eta udal gobernuak kontuan hartzea eta 2024ko Usurbilgo aurrekontuak ahalik eta adostasun handienarekin onartu ahal izatea espero du talde jeltzaleak".
Abenduaren 20an, 2024ko udal aurrekontuen inguruko plenoa
Udal aurrekontuen inguruko eztabaida duela hilabete batzuk zabaldu zen. Denbora honetan, EH Bilduk osatzen duen udal gobernuak bere proposamena aurkeztu du Usurbilgo txoko ezberdinetan, eta oposizioaren ekarpenak ere jaso dituela dio. Ostegun honetan, hilak 14, prentsaurreko batean emango dituzte xehetasun gehiago. Arestian esan bezala, abenduaren 20ko osoko bilkuran landuko da 2024ko udal aurrekontu proposamena. Behin behingo onespena ere emango zaiola aurreikusia dago.