Gabonak 2023

San Tomas azokako babarrun eta sagardo txapelketetan izen-emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 13a, 10:06

Abenduaren 17ko azokako txapelketetarako herrian ekoitzitako babarruna eta sagardoa NOAUA! K.E.-ren egoitzara ekartzeko azken eguna izango da asteazken honetakoa.

Etxerako sagardoa eta babarruna Usurbilen ekoizten duzuenok adi; igandeko, abenduaren 17ko San Tomas azokaren baitan NOAUA! Kultur ELkarteak antolaturiko txapelketetan parte hartu nahi izanez gero, gaurkoa, hilaren 13koa duzue ekimenotan izena eman eta jaki zein edariok aipatu elkartearen egoitzara (Bordaberri 3, behea) ekartzeko azken eguna. Dagoeneko hainbat ekoizle apuntatu dira lehiaketotara egunotan.

Segidan duzue txapelketa hauetan parte hartzeko kontuan hartu beharreko xehetasunen berri. Gogoan izan, igandeko azokan zehar ikusgai izango duzuen moduan, babarrun eta sagardook epaituko dituzten aditu eta arituek izango dute azkeneko hitza. Haiek hautatuko dituzte txapeldunak.

SAN TOMAS AZOKAKO BABARRUN ETA SAGARDO TXAPELKETAK
Izen ematea
Abenduaren 13an NOAUA!ko egoitzan. Ordutegia: 8:00-13:00/16:30-18:30. 

Sagardo lehiaketa
Sagardoa etxean egiten duten usurbildarrek parte hartu ahal izango dute. Sagardotegiek ezingo dute parte hartu.
Partaide bakoitzak 8 botila ekarri beharko ditu, eta botila bakoitzeko 1,5 euro ordainduko zaio.

Babarrun lehiaketa
Partaide bakoitzak kilo bat babarrun ekarri behar du eta 12 euro ordainduko zaio.
Ezaugarri hauek hartuko dira kontuan:
-Itxura: osorik edo hautsita dagoen, zimurrak...
-Kolorea: zenbat eta beltzagoa orduan eta hobeagoa.
-Berdintasuna: tamainaz, kolorez... elkarren berdinak izatea.
-Dizdira: berezko dizdira beste edozein produkturekin (olio, abrilantadore...) estali edo aldatua izaten bada lehiaketatik kanpo geratuko da.
-Garbitasuna: partikula arrotzik ez izatea.

Sagardo/babarrun txapelketen sariak
1. saria 150 euro eta txapela.
2. saria: 90 euro eta kopa.
3. saria: 50 euro.

Informazio gehiago:
943 360 321
NOAUA! K.E.-ren egoitza