Erreleboa behar dute eta lekukoa hartzeko prest legokeen talderik balego laguntzeko prest daude. Bestela, igande honetan, abenduaren 17an San Tomas azoka Usurbilgo talogileen azken lan eguna izango da. Hala jakinarazi diote NOAUA!ri. Egungo taldeak 2015ean hartu zuen aurrekoen erreleboa.
Elkartasun bilgunea
Bilguneak hamarkada luzeetako ibilbidea osatu du baina une honetan, beraz, kolokan dago haren etorkizuna. Aipatu moduan, NOAUA! bidez haien lekukoa hartu eta elkartasun bilgune honi segida emateko deia egin dute. "Penagarria litzateke jarraipen bat ez izatea", adierazi digute. Egiten duten lanak bi fase izaten ditu; batetik, aldez aurreko prestaketak izaten dituzte; elikagaiak erosi, azpiegituren egoera ikuskatu... Egunean bertan, postuaren muntaketa eta desmuntaketarekin batera, taloak egin eta sukaldatzea. Urtean zehar, bestelako ekimen berezirik ez bada, maiatzeko Sagardo Egunean, azaroko Artisau Azokan eta Erle Egunean eta abenduko San Tomas azokan parte hartu ohi dute. Bildutako laguntza beste eragileetara bideratzen dute, izan ere, elkartasun bilgunea da talogileena. "Hamabost edo hemezortzi laguneko taldea behar izaten da", adierazi diote hedabide honi.
Lekukoa hartzeko prest daudenei deialdia
Momentuz, egungo taldea azkeneko aldiz ikusiko dugu igandeko San Tomas azokan. Hurrengo hitzordua, izatez 2024ko maiatzeko Sagardo Eguna izango litzateke. Ordurako beharko lukete erreleboa. Animatu asmo duenak, igande honetan bertan talogileen postura joateko deia egin dute 11:00ak aldera, baita abenduaren 17ko azokan bertan lagundu nahi dutenei ere. "Norbaitzuk ardura hartuko balute, haiei laguntzeko prest egongo ginateke", ohartarazi digute.
Eskerrak helarazi nahi dizkiete talogileek urte hauetan guztietan "lanean aritu diren guztiei eta Udalari ere bai, emandako laguntza guztiagatik, baita, noski, taloak kontsumitu dituztenei".