Zentzumen guztiak dantza batean jarriko dizkigu NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko igandeko San Tomas azokak. Usaindu, ukitu, dastatu, ikusi eta entzun ahalko dugu. Errelebo beharrean diren talogileen jaki goxoak eskuratzearekin batera, gaztaingileak ere bueltan izango ditugu. Haiez gain, nobedade bat; babarruna duten pintxo eder askoak ere probatzeko modua izango da. Eta edateko, herrian bertan ekoitzi eta San Tomas azokako txapelketan lehiatuko den sagardoa.
Xiberoko otarrak
Edari preziatu horrekin batera, herrian ekoitzitako babarruna ikusgai baita. Aipatu jaki eta edarion sariketa eguerdian izango da. Goizean zehar, adituen epaimahaia ikusiko duzue herriko ekoizleen produktuok dastatu, ukitu eta behatzen. Ekitaldi berean, Nafartarrak taldeak aurtengoan, Xiberoko ikastolen alde saldutako hango produktudun otarrekin zenbateko laguntza jaso den Usurbilen jakinaraziko dute. Ohartxo bat, bide batez; otarrok eskatu dituzuenok, abenduaren 17an frontoian bertan jarriko duten postuan eskuratu ahalko dituzue.
Apaingarrien tailerra haurrentzat
Haurrak adi, eskulanetan jarduteko txokoa izango duzue baita datorren San Tomas azokan; Zirriborro tailerrekoen eskutik, urte garai honetako apaingarriak lantzeko aukera. Pinaburuak dituenak ekar ditzala tailerrera, bestela bertan ere egongo dira.
Izan ere, gabon giroko azoka izango da abenduaren 17koa. Hainbat postu izango dira, ikusmiran aritzeaz gain, erosketak egiteko. Herri ordezkariak izango ditugu hainbat posturen bueltan. Hitzordua Ixabel Agirresarobek aurkeztu eta Ostolaza zein Larrañaga trikitilariek girotuko dute.