“Pause” Usurbilen grabatutako laburmetraiaren aurkezpena igandean

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 13a, 09:55

Enara Tejasadek zuzendu eta Usurbilen grabaturiko film laburra aurkeztuko dute abenduaren 17an Sutegin.

“Emakume bat, orain arte normaltzat jo zituen jarrerak aztertzen hasten da. Konturatzen den arte non dauden jarrera horien erroak, bere buruan ikusten dituen jarrera sexista horiekin pixkanaka biluztea lortu arte. Laura 30 urteko neska formatu eta moderno bat da. Berak jakin gabe, bere egunerokotasunean gertatzen diren mikromatxismoak ontzat ematen ditu, bera hazi eta hezi den gizartean zeharo enbortuta daudenak. Bere egunerokotasunean “feminaziek” molestatu egiten dute, manifestazioak ez dira erosoak. Fikzio baten barruan bizi izanaz konturatzen den arte. Fikzio baten barruan bizi dela konturatzen denean, emakume batek ustekabeko bidea hartuko du”.

Hala dio “Pause” laburmetraiaren sinopsiak. Usurbilen grabatua izan den hamazazpi minutuko ikus-entzunezko lan hau ezagutzeko aukera izango dugu abenduaren 17an 18:00etan Sutegiko auditorioan. Proiekzioaz gain, bertan izango diren filmeko zuzendari Enara Tejasadekin eta Amaya Quiroga aktorearekin solasaldia izateko aukera egongo da. Ez hori bakarrik. Performacea iragarri dute, Tejadas beraren (koreografia) eta Izaskun Lapaza dantzariaren eskutik. Hitzordu berean, gainera, “zine-dantza” iragarri dute: hamar minutuko “Emakhari” eskainiko dute, Iurre Aranburu zuzendariarekin.
Ekitaldirako gonbidapenak usurbilkultura.eus plataforman eskuratu ahalko dira doan, aldez aurretik.