Herrian dugun ekoizpena bistaratu, ekoizleak ikusgarri egin eta haien eguneroko lana aitortzen duen San Tomas azokako babarrun eta sagardo txapelketak bueltan izango ditugu igande honetan, abenduaren 17an. Dakizuenez, izen-emateko aukera izan dute ekimenotan parte hartu nahi zutenek bi astez. Asteazkenean itxi zuen NOAUA! Kultur Elkarteak jaki eta edariok elkartearen egoitzara ekarri eta inskripzioa bideratzeko epea.
Ezohiko zenbakiak utzi dizkigu deialdiak. Inoiz baino sagardo gehiago eta aurreko edizioetan baino babarrun gutxiago. Guztira, 29 ekoizle ezberdin lehiatuko dira igandeko San Tomas azokako txapelketa hauetan. Haietatik 24k etxean eginiko sagardoa aurkeztu dute lehiaketa hauetara, hamarrek babarruna.
Igandean, jaki nahiz edariok epaitzeko mahai bana osatuko da azokan zehar. Goizean, behaketa lanetan jardungo dute. Ezaugarri hauek hartuko dira kontuan babarrun lehiaketaren kasuan:
-Itxura: osorik edo hautsita dagoen, zimurrak...
-Kolorea: zenbat eta beltzagoa orduan eta hobeagoa.
-Berdintasuna: tamainaz, kolorez... elkarren berdinak izatea.
-Dizdira: berezko dizdira beste edozein produkturekin (olio, abrilantadore...) estali edo aldatua izaten bada lehiaketatik kanpo geratuko da.
-Garbitasuna: partikula arrotzik ez izatea.
Sagardo txapelketaren kasuan, etxean egiten duten usurbildarrek parte hartu ahal izango dute. Sagardotegiak ez dira lehiatuko.
13:30ak aldera egingo da sari banaketa:
Sagardo/babarrun txapelketen sariak
1. saria 150 euro eta txapela.
2. saria: 90 euro eta kopa.
3. saria: 50 euro.