Kirolean Euskaraz kooperatiba: "Instituzio eta kirol elkarte ezberdinekin kolaboratzen dugu"

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 14a, 08:00

Txomin Otaegi andoaindarra, Oier Berra antiguotarra eta Aritz Olagoi zubietarra, Kirolean Euskaraz kooperatibako kideak.

Kirolean Euskaraz proiektu kooperatibo bat da, Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolaren bidez eratu dena. Usurbilgo Udalak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, kooperatibaren egoitza Zubiaurrenea kalean ezarri dute. Irailetik bertan ari dira lanean. Aholkularitza, formazioa, komunikazioa, kudeaketa administratiboa... Asko dira kooperatiba honek eskaintzen dituen zerbitzuak. 

Kirolean Euskaraz proiektu kooperatibo bat da. Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolaren bidez eratu dena. Zuen jarduerak hiru osagai nagusi ditu: psikologia, kirola eta euskara. Oker ez bagaude, aholkularitza eta formazioa eskaintzen duzue, ezta?

Oier Berra: Ondo laburbildu duzu. Dena den, kooperatiba martxan jarri aurretik ere lankideak ginen. Txominek eta biok Aritzekin kolaboratu izan dugu KEES metodologian (Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko egitasmoan). Gaur egun lan ildo ezberdinak ditugu. Aholkularitza da horietako bat. Instituzioekin eta kirol elkarteekin kolaboratzen dugu. Federazio ezberdinekin ere kolaboratzen ari gara. Futbolekoarekin adibidez, UEFA entrenatzaile ikastaroko materiala euskaratzen ari gara.

Aritz Olagoi: Donostiako eta Aretxabaletako Udalekin lizitazio publiko batekin ari gara lanean, bertako kirol elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Aholkularitza eta komunikazio esparruetan ere kolaboratzen dugu beste kirol elkarte batzuekin.

Oier Berra: Aholkularitza, komunikazioa, itzulpengintza, kudeaketa administratiboa... Hortxe ari gara.

Aritz Olagoi: Beti ere euskara ardatz hartuta. Kooperatiba bihurtzeak beste lan ildo batzuk irekitzeko aukera eskaini digu.

 

Kirolaren arloan, euskara sustatzeko premia handia al da?

Txomin Otaegi: Lan asko dago egiteko, bai. Kirola gero eta garrantzitsuagoa da gure gizartean. Gero eta klub gehiago dago, gero eta ume gehiago sartzen dira kirol taldeen egituretan... Euskararen alde egiteko eremu oso ona da kirola. Euskara beti lotu da eskolarekin edo eremu akademikoarekin, eta kirola da eremu horretatik at dagoen jardueretako bat. Eta oso garrantzitsua da eremu hori euskara sustatzeko. Horretan datza gure lana, euskararen sustapenean.

 

Kirol elkarteak, hezitzaileak, kirolariak... Non jartzen duzue fokua edo norekin egiten duzue lanketarik handiena?

Oier Berra: Guk batez ere kirol hezitzaileekin egiten dugu lan. Formakuntza eskaintzen diegu, jarraipen bat egiten diegu eta estrategia bat zehazten dugu beraiekin.

 

Formakuntza bada zuen lan ildoetako bat.

Oier Berra: Bai. Hizkuntzari lotutakoa beti ere.

 

Txomin Otaegi:

"Kirolak garrantzia handia du. euskararen alde egiteko oso eremu egokia da"

 

Badugu inpresio bat. Gazteekin lotutako jardueren artean, kirolarena izango da erdaldunena. Aisian, kulturan, ez bezala. Hala da ala inpresio oker bat da? Asko aldatu al dira gauzak azkenaldian?

Oier Berra: Baliteke. Eremuaren arabera izaten da. Errealitate ezberdinak ikusi ditugu.

Aritz Olagoi: Neurri batean ados nago. Alderatzen baditugu kultura eta kirola, kirola erdaldunagoa izan da historikoki. Baina akaso euskalgintzatik ez zaiolako hainbeste erreparatu kirol arloari. Eta ez da eragiteko esparru gisa irudikatu. Gaur egun, gero eta nabarmenagoa da haur eta gazteen artean kirola dela aisialdiko jarduera nagusiena. Eta hor beharra handia da. Entrenatzaileak aipatu dituzu. Orain dela gutxi arte, entrenatzaile izateko ikastaro gehienak edo guztiak ez esatearren, gazteleraz izaten ziren. Gaur egun, Gipuzkoako Futbol Federazioak antolatzen dituen UEFA-B eta UEFA-C futbol entrenatzaile ikastaroak euskaraz egin daitezke. Formazio hori euskaraz jasotzen dutenek gaitasun gehiago izango dituzte entrenamenduetan euskaraz aritzeko.

Eusko Jaurlaritzak ere plan estrategiko bat diseinatu zuen kirolean euskara sustatzeko eta horrek ere bere eragina izan du hainbat federazioetako ikastaroen antolaketan. Horren harira, hainbat federazioekin ari gara kolaboratzen: txirrindularitzan, xakean, gimnasia erritmikoan,... Eurek antolatzen dituzten ikastaroak aurrerantzean euskarazkoak ere izan daitezen.   

 

Aritz Olagoi:

"Kooperatiba eratzeko orduan KoopFabrikaren laguntza ezinbestekoa izan da"

 

Irailaren hasieratik kooperatiba gisa ari zarete lanean. KoopFabrikaren bidez jaso duzue formakuntza. Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolan parte hartzeak zer suposatu du zuentzat?

Aritz Olagoi: KoopFabrikan egon izan ez bagina, gaur egun ez ginateke kooperatiba izango. Guk hirurok elkarrekin kolaboratzen genuen proiektu puntualetan. Baina antolaketa propiorik gabe. Bakoitza bere etxetik aritzen zen. Ez genuen norabide finko bat. Eta KoopFabrikak lagundu digu zer nahi genuen edo zer egin genezakeen argitzen. Eta egin genezakeen horri norabide bat ematen. Eta bide batez, juridikoki eta legalki eman beharreko pauso horiek guztiak argitu dizkigute. Kooperatibaren eratze-prozesuan ezinbestekoa izan da eman diguten laguntza.

 

Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolan izena eman ez eman, zalantzan dagoenari zer esango zeniokete?

Aritz Olagoi: Izena eman, dudarik gabe. Gure kasuan, astean bi saio izaten genituen. Lehen bi hilabetetan formazioa jaso genuen eta beste hiruzpalau hilabetez kooperatiba osatzeko laguntza jaso genuen.

Kontabilitatea, lan taldearen garrantzia, lan taldearen antolaketa... arlo asko ukitzen dira.

Txomin Otaegi: Gure kasuan, ez genuen oso argi zer nolako egitura eman nahi genion gure egitasmoari. Eta ikastaroak bultzada handia eman zigun. Kooperatibaren ildo ideologikoarekin bat gentozen baina ikastaroak konfiantza eman zigun eta gure kasuan oso garrantzitsua izan da. Azkeneko bultzada hori behar genuen.

"Usurbilgo komunitatearen parte izan nahi dugu"

Kirolean Euskaraz kooperatibaren egitasmoaren egoitza Usurbilen ezarria duzue. Dagoeneko lanean ari zarete bertan. Zein izan da hemen ezartzeko arrazoi nagusia?

Txomin Otaegi: Kokapen geografikoa. Ni andoaindarra naiz, Aritz Olagoi zubietarra eta Oier Berra antiguotarra.

Oier Berra: Oso testuinguru egokia dago herri honetan lan ildo hauek denak garatzeko. Eremu soziolinguistikoa ere oso egokia iruditzen zaigu.

Aritz Olagoi:Usurbilgo Udalak ekintzailetza proiektu berriak sustatzeko dirulaguntza lerro ezberdinak ditu. Alokairua ordaintzeko garaian, lehen bi urteetan zehar zati handi bat Udalak asumitzen du. Eta egitasmoa martxan jartzeko orduan ere, hasierako gastuei aurre egiteko diru-laguntza eskaintzen du. Faktore hauek ere garrantzitsuak izan dira.

Horretaz gain, komunitate honen parte izan nahi dugu eta pixkanaka bertan errotzeko borondatea dugu.

Bestetik, kooperatibaren sortze prozesuan gauden honetan, oraindik altzariak eta bestelakoak falta zaizkigu egoitzan. Herriko saltokietara joko dugu behar duguna eskuratzeko.

 

Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolaren edizio berri bat

KoopFabrikak antolatzen du eta aurten Donostiako Cristina Enea Fundazioan egingo da. Abenduaren 11n hasi eta otsailaren 7ra arte luzatuko da. Izen-ematea dagoeneko zabalik da. Ekimen honen bidez, "proiektu ekonomiko kooperatiboak eta komunitarioak sortzeko prozesuan laguntza ematen dugu". Informazio gehiago info@koopfabrika.eus e-posta helbidean eska daiteke.