"Ipuin hauetan fantasia dago eta fikzioa dago, baina saiatu naiz animalien berezko ezaugarriak ere jasotzen"

Noaua Aldizkaria 2023ko abenduaren 22a

Iaz, Axarkoren abentura plazaratu genuen garai honetan. Gaztetxoei zuzenduriko ipuinak Ainara Azpiazu Aduriz Axpi-ren sinadura zeraman. Haren segidakoa aste honetako NOAUA!rekin batera jasoko duzue. Honakoan, Axarkoren kuadrillako beste lagun bat da protagonista nagusia: Azkonar. Baratzean eta sagarrak batzen artista den animaliatxoa.

NOAUA: Iaz Axarkoren abentura plazaratu zenuen NOAUA!rekin batera. Andatza inguruan bizi den kuadrilla bat irudikatu zenuen baina Axarko izeneko azeria zen protagonista nagusia. Honakoan kuadrillako beste kide bat nabarmenduko da, Azkonar.

Ainara Azpiazu Aduriz Axpi: Liburu hauek egiteko enkargua jaso nuenean, hasieratik pentsatu nuen animalia kuadrilla bat irudikatu nahi nuela. Eta animalia kuadrilla horretan bakoitzak izaera bat izan zezan, kide bakoitza animalia ezberdin bat izango zela. Izaera ezberdinak dituztenez, afizio ezberdinak dituzte.

Iaz Axarkoren ipuina idazten hasi nintzean, hiru ipuinetako pertsonaiak eta gaiak etorri zitzaizkidan burura. Eta orduantxe definitu nuen nolakoa izango zen Azkonartxo.

Pertsonaia bakoitzak lotura berezia du Usurbilgo ezaugarri batekin eta Azkonartxo baratzeari lotuta ikusten nuen. Baratzezalea egin dut, baina fruituzalea ere bada. Udazkeneko lan horietan trebatuta dago: fruituak bildu, fruituekin kontserbak egin, sagar zukua egin… Kooperatiba hor dago Usurbilen, Jakoba Errekondo ere usurbildarra da… Lotura begibistakoa da.

 

Axarkoren ipuina plazaratu genuenean, bertako fauna eta bertako landaretza aldarrikatu zenuen. Azkonartxoren bitartez, baratze lana nabarmendu nahi izan duzula esan daiteke, ezta?

Animalia bakoitza hautatzerakoan, zer jaten duten ere kontuan hartu dut. Azkonarrak haragijaleak izateaz gain, barazkijaleak ere badira eta horregatik oso egokia ikusten nuen azkonarra baratzegintzan jartzea.

Ipuin hauetan fantasia dago eta fikzioa dago, baina era berean saiatu naiz animalien berezko ezaugarriak jasotzen. Trikuak adibidez, igerian oso ondo egiten omen du eta horregatik ipini dut trikua igerian. Txikitatik animaliak behatzeko ohitura izan dut eta behaketa lan horretan zirrara handiak izan ditut. Umeengan animaliak ezagutzeko gogo hori piztu nahiko nuke ipuin hauen bitartez.

 

Ainara Azpiazu Aduriz, 'Axpi':

"Jakoba Errekondok baratzegintzan egin duen ekarpenari keinu bat egin nahi izan diot"

 

Azkonartxok baratzean aritzea gustuko du. Eta langintza horretan trebatzeko, Jakoba Errekondoren ‘Bizi baratzea’ liburua oso ondo etorriko zaio. Jakoba Errekondok urteotan egin duen lanari keinu bat egin nahi izan diozula esan daiteke.

Aurrekoan Axarkoren ipuinaren bitartez Zumetari keinu bat egin nion moduan, honakoan Jakoba Errekondoren ekarpena ekarri nahi izan dut gogora. Bertakoa gorapaitzeak badu bere logika: ipuin hauek Usurbilen sortuak izan dira azken batean, eta usurbildarrentzat idatziak daude. Jakoba Errekondoren ‘Bizi baratzea’ liburuak Euskal Herrian horrelako arrakastatzarra izan duela ikusita, egoki ikusten nuen liburuari keinu bat egitea. Bertako animaliak goraipatzeaz aparte, bi hankako animaliak gorapaitzea ere ez dago soberan. Gure ondare hori sortzen duen jende horri zor zaiola iruditzen zait.

 

Sagarrak ere  ipuineko tramaren parte dira. Errege sagarrak, txalakak, pelestriak, urtebiak… Sagarrak eta sagastiak ezinbestekoak dira Usurbilgo paisaian eta kulturan.

Gure historia oso lotuta dago sagarrari. Bolada batean Igeldoko baserri batean bizi izan nintzen eta sagardotarako sagasti bat genuen, sagar mota ezberdinekin. Horrela ikasi nuen sagarrak bereizten.

Bestetik, gogoan dut umetan Hernaniko azoka batean izan nintzela, eta sagar mota ezberdin asko zituztela mahai batean bilduta. Eta harrituta geratu nintzen. Ederra iruditzen zait sagarren inguruan zein mundu sakona dagoen erakustea, eta sagar mota asko daudela azaltzea, bakoitza bere ezaugarri propioekin. Gainera, Usurbilek sagardoarekin duen lotura ikusita, sagarrena aipatzea ezinbestekoa iruditzen zitzaidan. Kasu honetan, ipuineko protagonistek sagar-zukua egiten dute. Ni ere sagar-zukuaren oso zalea naiz.

 

Azkonartxoren abenturaz gozatzeko garaia da orain. Baina hirukoa osatzeko ipuin bat falta da oraindik, datorren urtean argitara emango duguna. Zein izango da datorren urteko ipuinean nabarmenduko duzun animaliatxoa?

Xurde basurdearena izango da hurrengo abentura. Egia esan, Xurderen pasarteak marrazkietara eta hitzetara ekartzeko gogoz nago. Datorren urtean ezagutuko dugu.