'Konponbiderako giltza' manifestua aurkeztu duzue. Atxikimenduak batzen ari zarete egunotan. Zein da egitasmo honen helburua?
Manifestu honetan egiten den hausnarketa da presoen gaiarekin faseka goazela, nolabait esanda. Oso motel, gure ikuspegitik, baina prozesu horren baitan hau beste urrats bat dela.
Dagoeneko euskal presoak Euskal Herrian daude, Euskal Herriko kartzeletan, eta hori berri on bat da. Duela urte batzuk urruti ikusten genuen baina dagoeneko hemen daude. Baina horrek ez du ekidin euskal presoek jaso izan duten errepresio anitzean kapitulu berri bat idatzi dela, eta hor gradu erregresioarena aipatu behar da. Lege arrunta aplikatuz gero, gatibu hauek kalean beharko lukete baina gradu aldaketarekin berriz ere behartzen dituzte kartzelara sartzea baimen kondizionalak eskuratzen dituztenean. Eta hori ere, ezohiko neurri bat da, euskal presoen kolektiboari aplikatzen zaiona. Honek ez du laguntzen Euskal Herrian egiten ari garen ariketa konplexu horretan (ETA desagertu zenetik erreparazioan eman beharreko urratsak, biktima guztien errekonozimendua eta abar). Horretan ere, ematen du urratsak oso motelak direla.
Usurbilgo Sare:
"Sinadurak batzeko mahaitxo bat ipiniko dugu San tomas azokan"
Konponbideari ateak irekitzeko borondatea ageri da zuen manifestuan.
Manifestuaren bidez adierazi nahi dena da giltzak ariketa bikoitza egiteko balio duela; ateak irekitzeko zein ixteko erabiltzen dela. Kasu honetan, Saretik egiten den irakurketa da garai latz hori guztia giltzapetu nahi dela, ahaztu gabe eta jakinda zer izan zen, eta min horren aitortza eginez. Baina giltzak beste etorkizun bat irekitzeko aukera ere eskaintzen du. Presoen eskubideak aitortzeak adibidez, inguruko arazo denak konpontzeko pauso garrantzitsu bat litzatekeela uste dugu.
Horren harira, Sarek eragile ezagunengana jo du manifestuaren aurkezpena egiteko. Eta orain, manifestu hau herriz herri ari gara zabaltzen eta herritarrek ere manifestuarekin bat egiteko aukera dute. "Guk ere giltza izan nahi dugu prozesu hau burutzeko orduan", nolabait esatearren.
Manifestua babestu nahi duenak, nola eman dezake bere atxikimendua?
Sinadura digitala egiteko aukera dago QR kode baten bidez (argazkian erantsia duzue kodea). Baina ohiko sinadura bilketa, paperezkoa ere egingo dugu Usurbilen. Jendearen atxikimendua jaso nahi dugu eta horrekin irudikatu nahi dugu guk herritarrok ere giltza bihurtu nahi dugula eta giltza horrekin euskal presoen etxerako bidea azkartu nahi dugula. San Tomas azokaren bueltan adibidez (abenduaren 17an igandea), mahaitxo bat ipiniko dugu eguerdi partean.
Urtarrilaren 13rako manifestazio nazionala iragarri duzue Bilbon. La Casillatik abiatuko da, arratsaldeko 17:00etan. Usurbildik autobusik antolatzeko asmorik al duzue?
Hori baino lehen, abenduaren 29a hilabeteko azken ostirala izango da eta, azken ostiraletan egiten dugun bezala, Mikel Laboa plazan elkartuko gara eta Sareren manifestuarekin bat egin dutenekin argazki bat aterako dugu.
Bide batez, urtarrilaren 13an urteroko presoen aldeko manifestazioa antolatu dugu Bilbon eta bertara joateko deia ere zabalduko dugu. Autobusa antolatuko dugu eta betiko tokietan izango da izena emateko aukera.