Egungo kontsumo ereduaz hausnartzeko hainbat ekimen antolatu dituzte Aztarrika gazte asanbladak, Ernai gazte antolakundeak eta Kafe Tertulia Neska* Gazteen Talde Feministak urte amaiera honetarako. Besteak beste, hasteko, AztarriTruk izeneko bigarren eskuko azoka abenduaren 23an. Egunotan inoiz baino ohikoagoa den saldu, erosi eta bota, joera nagusi horren ordez, eman eta hartu, trukatu eta berrerabili, horixe sustatu nahi dute gazte mugimendutik. Herritarrei hitzordu honetan parte hartzeko deia egin diete.
Horretarako, egin beharrekoa oso kontu erraza da; etxean izan eta erabiltzen ez duzuen arropa, oinetako, osagarri, diska eta liburuak AztarriTruk ekimeneko antolatzaileei helarazi. Bildutakoa hilaren 23ko azokan jarriko dute nahi duenaren eskura. Dugun horri bigarren bizitza ematea da gazte mugimenduaren ekimen honen helburua.
Aipatu moduan, azokarako materiala uzteko hiru bilketa egun finkatu dituzte antolatzaileek; abenduaren 15ean, 17an eta 19an, arratsaldez, 17:30-20:00 artean Sutegiko erakustaretoan. Egunotan jasotakoa, hilaren 23an, 11:00-14:00 artean frontoian egingo den bigarren eskuko azokan jarriko dute herritarren eskura.
Egungo kontsumo ereduaz hausnartzera bideraturiko ekimenetako bat izango da asteotakoa, baina ez bakarra. AztarriKant kantu-jira berezia iragarri dute abenduaren 24rako eta jardunaldi eguna hilaren 26an.