'Trantsizio ekosoziala' definitzen hasteko bilkura gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 14a, 07:03

Udalak lau erronka identifikatu eta misio bihurtu ditu. Lau misiotatik hiru jada definitu ditu (Zaintza, 650 Usurbil Bizi eta Udala, gertu) eta "orain laugarrena, Trantsizio ekosoziala, definitzeko unea iritsi da", udal iturriek aditzera eman dutenez. Lehenengo bilera ostegun honetan, abenduaren 14an izango dela iragarri dute. Potxoenean batuko dira, arratsaldeko 18:00etan.

Usurbilgo Udala berrantolaketa betean sartuta dago, lan egiteko modu berriak ezinbestekotzat jota. Berrantolaketa hori bi modutara egiten ari da.

Batetik, orain arte, udaleko sail bakoitzak bere batzorde informatzaile propioa zuen: orain, berriz, hiru lantalde zabaletan biltzen dira (herritarrak, lurraldea eta antolaketa). Horrek sailen arteko komunikazioa eta elkarlana erraztu du.

Bestetik, misioen araberako udal jarduna ezarri du: herriko era askotako eragileen elkarlana bultzatu nahi du, herriak dituen erronkei nola aurre egin elkarrekin erabaki eta elkarrekin lan egiteko.

Misioen arabera lan eginagatik, ordea, udalak egunerokoari erantzun behar dionez, herritarrekin eta eragileekin adostu nahi du zein izango den Usurbilgo gobernantza eredua. "Eredu horrek bi alorrei erantzuteko baliogarria izan beharko du, hau da, egunero martxari eta misioen lorpenari. Trantsizio ekosozialaren misioa ezartzeko saioak amaitutakoan ekingo dio gobernantza ereduaren inguruko hausnarketari", ohar bidez jakinarazi dutenez.


Lau misioetako bat
Hiru misio eta laugarren bat "zuekin batera" landu nahi dutena. Modu honetan aurkeztu zuen urria amaieran Usurbilgo Udalak, datozen urteotarako "Usurbil Bizi. Lau misio, herri bat" herri proiektua, herrikide eta eragileez inguratua, Zumarte Musika Eskolako ganbaran.

"Usurbil Bizi. Lau misio, herri bat"
Zaintza
Misioa
2030erako norbere bizitza proiektuari erantzungo dion zaintza eredu integral eta duina lortzea, erantzunkidetasuna, eragileen arteko lankidetza eta zaintza langileen profesionalizazioa eta duintasuna ardatz izango duena.

Helburuak:
-65 urtetik gorako pertsonen %25ak zaintza plana martxan izatea.
-Usurbilgo 5 auzotan %25 gizonezkoak izango diren zaintza sareak martxan jartzea.
-Zaintza langile eta familien %50 zaintza ekosisteman egotea.
-Etxez etxeko zerbitzua jasotzen dutenen kopurua eta zaintzarako prestazioa jasotzen dutenena orekatzea (%50).

Udala, gertu
Misioa
2026rako udalak herritarrei ematen dien zerbitzua 10ekoa izatea: gehienez ere 10 minutu itxarotea zuzeneko arretan, herritarren eskaerei 10 eguneko epean erantzutea eta udala osoki digitala izatea.

Helburuak
-10 eguneko epean erantzutea.
-Zuzeneko arretan, gehienez ere, 10 minutu itxarotea.
-Osoko digitala izatea.
-Gardentasuna eta komunikazioa hobetzea.
-Herritarrekiko arretan, entzute aktiboa.

650 Usurbil Bizi
Misioa
2030erako Usurbilgo bisitarien %30ak Usurbilgo komunitate zaintzailea, euskal arte garaikidea, ondare kulturala eta ekologia ardatz duen gizarte eraldaketa ezagutu eta bisitatu dezala lortzea.

Trantsizio ekosoziala
Misioa
Erronka honi erantzuteko lotutako kosorkuntza prozesua abiaraziko dute ostegun honetan, abenduaren 14an, 18:00etan Potxoenean. "Gaia zure intereskoa bada, animatu parte hartzera!" egin zuten gonbita.