Laugarren Euskaraldia, 2025eko maiatzean

Noaua Aldizkaria 2023ko abenduaren 14a

Argazkia: Euskaraldia.

2025eko maiatzean izango da euskara ahotan hartu eta hizkuntza ohituretan eragiten segitzea sustatuko duen Euskal Herri mailako hurrengo ariketa kolektiboa.

Udazkenetik udaberrira, eta urte bikoitietatik bakoitietara igaroko da aurrerantzean Euskaraldia. Hala jakinarazi dute sustatzaileek, ostegun honetan Donostian egin duten laugarren edizioaren aurkezpenean. Lehenengoa, gogoan izan, 2018ko azarotik abendura egin zuten, garai berean bigarrena eta hirugarrena ere, 2020an eta 2022an hurrenez hurren. Logika horri segita, izatez, 2024ko azaroa-abendua artean egitea egokituko zen hurrengo edizioa, laugarrena. Baina ez da hala izango. Izan ere, 2025eko maiatzera atzeratzea erabaki dute, Ahobizi, Belarriprest eta ariguneen dinamika. "Ediziotik ediziora ariketaren alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitu izan dituzte antolatzaileek, urtetik urtera ariketa egitea eraginkorragoa izateko", azaldu dute antolatzaileek gaurko agerraldian. Hausnarketa horrek eragin du laugarren Euskaraldiaren data aldaketa. 

Hurrengo edizioa, beraz, 2025eko maiatzean egingo da. Udazkenetik udaberrira aldatu dute ekimena. "Izan ere, urte sasoi horretan kaleetan jende gehiago ibili ohi da eta bizitasun sozial handiagoa izaten da kalean. Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen du horretan”. Ariketa hau ikusgarri egin eta ahalbideratzen duen txapa ere are ikusgarriagoa egingo da urte garai horretan. 

"Sakonago egiteko aukera emango du"
2025eko maiatzaren 15ean hasi eta 25era arte luzatuko da euskararen erabilera sustatzea xede nagusi duen ekimena, eraginkorragoa izateko, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideek Gipuzkoako hiriburuko Tabakaleran gaur aditzera eman dutenez. Hartara, gainera, Korrika urtearekin ez da egokituko eta bi ekimenak "urtez urte txandakatzen" joango dira. Izan ere, Euskaraldiko koordinazio mahaikoen esanetan, "bi ekintza erraldoi horiei esker euskararen gaia Euskal Herri osoko kaleetara zabaltzea lortu baita". 

Datorren Euskaraldiko hamaika egunak udaberrian izanda, “uste dugu, 11 egun izateak ariketa modu eraginkorragoan egitea ahalbideratuko duela, sakonago egiteko aukera emango du. Bi asteburu hartuko ditu, eta horrek herrietan mugimendua sortzeko aukera emango du”.

Ekimen honek utzitako arrastoaz eginiko ikerketako datu eta jarraibideetan oinarritu dute erabaki hau, baina baita eragileek eta norbanakoek eginiko ekarpenetan ere.


Erronkak
Administrazio-erakunde guztiak, euskalgintzako erakundeak eta askotariko entitate eta elkarteen arteko lankidetza sustatzen du Euskaraldiak. "Gobernantza-eredu berritzailea eta interesgarria ekarri du", nabarmendu dute. Aurrera begira, eredu horretan sakondu nahi dute, ezinbestekotzat jotzen baitute "euskararen biziberritze-prozesuak aurrera egin dezan". 

Tartean, auzo nahiz herrietako "dinamizazio eta aktibazio sozial zabala" gakotzat jo dute Euskaraldia eraginkorra izateko, baita bere bueltan biltzen duen "adostasun handia". “Bateratasun horrek indar biderkatzailea du, eta euskararengandik urrun dagoen asko erakartzeko balio du; horrek ere, hein handi batean, egiten du eraginkor ariketa, indar metaketa, gutxinaka aurrera pausoak ematea, hizkuntza-ohiturak denen laguntzarekin aldatzea”.

Arrasto nabaria
Aurreko hiru edizioek hala erakutsi dutela gogorarazi dute. "Parte hartzaileen artean euskaraz zekitenekin uneoro euskaraz egiten zutenak % 63,9 ziren ariketaren aurretik, eta %78,9 ariketa amaitu ondoren, ariketan zehar proportzioa % 85,9ra iritsi zelarik". Horrez gain, "lehen hitza euskaraz egin ohi zutenak %55,8 ziren ariketa aurretik eta % 75,9 ondoren, edo elkarrizketa elebidunetan euskarari eusten ziotenak % 44,6 ziren aurretik eta % 76,6 ondoren". Horregatik, ekimena hau gehiagotan egiteko beharra azpimarratu dute aldaketa horietan sakontzen segitzeko. Erabileran eragiten dituen aldaketak ere ikusarazten segi nahi dute.