15 urteko espetxe zigorra ezarri diote Andatzan agertu zen gorpuaren hiltzaileari

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 14a, 09:23

Auzi hau epaitu duen epaimahaiak azaroaren 14an erruduntzat jo ostean, hamabost urteko espetxe zigorra ezarri diote 2022ko urtarrilean Andatzan gizonezko bat hiltzeaz akusatua zegoenari.

Espetxealdia amaituta, zazpi urteko zaintzapeko askatasuna ezarri diote. Hilketa delitua egotzi diote, "droga mendekotasun aringarriarekin". Garai hartan hiltzailearen bikotekide zenari, hiru urteko espetxealdia ezarri diote eta epealdi hori igarota, hiru urteko zaintzapeko askatasuna, hilketan gaizkide izatea egotzita, droga mendekotasun eta "beldur gaindiezin" aringarriekin zigortu dute. Biek ala biek 150.000 euroko kalte ordaina eman beharko diote biktimaren gurasoei. Bikotekide ohi honen pisukideari, azkenik, hilabete eta erdiko espetxealdia ezarri diote, delitua estaltzeagatik, droga mendekotasun aringarria aplikatu diote berari ere. Hiru inplikatuek gertatutakoa aitortu dute.

Hilketatik hilabetera aurkitu zuten gorpua
Gogoan izan, gizonezko baten gorpua aurkitu zuten 2022ko otsailaren 27an Andatzan, indarkeria zantzuekin. Ertzaintzak abiarazitako ikerketaren harira hiru pertsona atxilotu zituen hilabete beranduago. Haietatik bi espetxeratzea agindu zuen epaileak homizidio delitua egotzita, hirugarrena baldintzapean aske utzi zuen gertatutakoa ezkutatzea leporatuta.

Ertzaintzak bideraturiko ikerketaren arabera, hiru atxilotuek hartueman estua zuten Andatzan hilda agertu zen 44 urteko gizonezko donostiarrarekin. Antza, atxilotu guztiek zituzten polizia aurrekariak. Erahildako gizonezkoa urtarrilaren 20an atera zen espetxetik, hil baino egun batzuk lehenago hain zuzen. Gizonezkoa hil eta gero gorpua Andatzaraino eraman zuten ustezko hiltzaileek, aurkitua izan ez zedin, asmo horrekin. Otsailaren 27an ordea, igandea zela, mendian zihoan pertsona batek kasualitatez gorpua ikusi eta aurkikuntzaren berri eman zien Larrialdi Zerbitzuei.

Hortik aurrera Ertzaintzak eginiko ikerketan zehar argitu eta ezagutzera eman dutenez, hilketaz akusatu dutena Andatzan agertu zen hildakoari lepoa moztu zion, biek Hernaniko etxebizitza batean borrokan aritu ostean. Akusatuak biktimari eskuak lotu eta Andatzara eraman zuten furgonetan, bertan hiltzeko. Biktima odolostuta eta eskuak lotuta utzi zuten Andatzan 2022ko urtarrilean. Hilabete geroago aurkitu zuten gorpua.