"Minbiziaren Aurka Aukera Berriak" aldarripean, EITB Maratoia egiten ari dira gaurkoan hedabide talde publikoan. Ekimen honen baitan egiten ari diren diru bilketa minbiziaren ikerketara bideratuko dute. Egitasmo honen bueltan, dinamika ezberdinak bideratu dituzte hilabeteotan; haietako bat, Usurbilen irailean egin zutena.
ETS taldeak jarri dio soinu-banda aurtengo EITB Maratoi honi, taldearen "Aukera berriak" kantak hain zuzen. Abesti horri irudia jarri zioten Dema plazan irailaren 7an grabatu zuten bideokliparekin. Ikus-entzunezko horretan minbiziaren aurkako elkarteetako kideek edota ikerkuntza munduko adituek parte hartu zuten ETS taldekoekin batera, tartean baita hainbat herrikideek ere.
Aurtengo EITB Maratoia, minbiziaren inguruan informatu, sentsibilizatu, gaixotasun honi lotutako ikerketak duen garrantzia nabarmendu eta laguntza bildu nahi dute.
"Gazte, arraro, errebelde" Iñurri (Min)biziaren aurkako podcastaren aurkezpena
Gai berarekin segita, adi, gaurko EITB Maratoiaren ostean, abenduaren 22rako ekitaldia deitu du Iñurri (Min)Biziaren aurkako elkarteak 19:00etan Sutegiko auditorioan; "Gazte, arraro, errebelde" izeneko podcast-a aurkeztuko dute. "(Min) bizi! Inurriren podcast-a, Aintzane Artola, Olatz Mercader eta inurritegiarekin. Bizi? Minbizi! ta hil arte bizi! Zelulak dituzu? Ugaltzen ari zaizkizu? Podcast hau zuretzako izan daiteke! Zatoz inurritegira!".
Azaldu dutenez, gainera, "BMJ Oncology aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten arabera, 50 urtetik beherakoen artean tumoreen mundu mailako intzidentzia % 79 handitu da 1990etik. Gainera gazteek ez daukate inongo espaziorik beraien bizipenak partekatzeko. Horregatik, ezjakintasunaren arrakalak itxi nahian hain ohikoa ez den minbizia izateari buruz, eta gazte izateari buruz hitz egingo da atal honetan".
Gonbidapenak usurbilkultura.eus plataforman eskuratu ahalko dituzue.