Egungo kontsumo ereduaz hausnartzeko hainbat ekimen antolatu dituzte Aztarrika gazte asanbladak, Ernai gazte antolakundeak eta Kafe Tertulia Neska* Gazteen Talde Feministak urte amaiera honetarako, "gabonak gazte mugimenduarekin! Herrian ekoitzia" aldarripean. Hasteko, AztarriTruk izeneko bigarren eskuko azoka abenduaren 23an. Egunotan inoiz baino ohikoagoa den saldu, erosi eta bota, joera nagusi horren ordez, eman eta hartu, trukatu eta berrerabili, horixe sustatu nahi dute gazte mugimendutik. Herritarrei hitzordu honetan parte hartzeko deia egin diete.
Horretarako, egin beharrekoa oso kontu erraza da; etxean izan eta erabiltzen ez duzuen arropa, oinetako, osagarri, diska eta liburuak AztarriTruk ekimeneko antolatzaileei helarazi. Egunotan jasoko dute Sutegin; ostiral honetatik, bertatik hasita. Aipatu moduan, azokarako materiala uzteko hiru bilketa egun finkatu dituzte antolatzaileek; abenduaren 15ean, 17an eta 19an, arratsaldez, 17:30-20:00 artean Sutegiko erakustaretoan. Egunotan jasotakoa, hilaren 23an, 11:00-14:00 artean frontoian egingo den bigarren eskuko azokan jarriko dute herritarren eskura.
Azokaz gain, ekimen gehiago ere antolatu dituzte urte amaierarako:
Usurbilgo gazte mugimenduaren topaketak
Abenduak 15, 17, 19
17:30-20:00 Abenduaren 23ko AztarriTruk bigarren eskuko azokarako material bilketa Sutegiko erakustaretoan.
Abenduak 23, larunbata
11:00-14:00 AztarriTruk bigarren eskuko azoka Usurbilgo frontoian.
Abenduak 24, igandea
17:30 AztarriKant kantu-jira herrian barrena Olentzerorekin Dema plazan.
Abenduak 26, asteartea
11:30 Kafe Tertuliak antolaturiko "gabonetan ere nork zaintzen gaitu?" hausnarketa saioa Potxoenean.
Antolatzaileak: Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanblada, Kafe Tertulia Usurbilgo Neska* Gazte Feministen Taldea, Usurbilgo Ernai.