Kantu Taldeak urtarrilean abiaraziko du ikasturte berria

Noaua Aldizkaria 2023ko abenduaren 16a

Bart agurtu du aurtengo ikasturtea Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak Patrienean egindako kantu-afarian.

Kantu giro goxoan afaltu dute bart, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak Patrienean antolaturiko otordura joandakoek. Bidelagun izan dituzte, gainera, Asteazkenekoak "Etxalarko, Bankako eta Hazparneko lagunak". Musikariokin giro goxoan agurtu zuen ikasturtea Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Hala da, urtarriletik abendura egituratzen dute ikasturte bakoitza. 2023a agurtzearekin batera borobildu dute aurtengoa.

Asteotako etenaldiaren ostean, urtarrilaren 15ean ekingo diote ikasturte berriari, arratsaldeko 18:00etan ikastolako musika gelan, Jaione Eskuderoren gidaritzapean. Bilgunetik bertatik jakinarazi dutenez, izen-ematea lehen entsegu saio horretan bideratuko dute. “Beti bezala, kantu zaharrak eta berriak errepasatzea eta ikastea izango da entseguetako helburu nagusia, urteko tradiziozko pasadizoetan parte hartuz, kantu-afariak antolatuz, Sutegin kontzertu ekimenen bat plazaratuz, herrian zehar hileroko kantu jirak ospatuz eta abar. Azken finean, kantatzeko ohitura hauspotzea, transmisio kultural bat sustatzea euskaratik eta euskaraz, lagunarteko harremanak bultzatuz sortzen den giro ederraz gozatzea eta beste herrietako kantuzaleekin adiskidetasun bat jorratzea kantu-saio-trukaketak bultzatuz”.

Ikasturte berriaren hasiera
Eguna: urtarrilak 15, astelehena.
Ordua: 18:00.
Tokia: Udarregi ikastolako musika gela (Agerialden).
Izen-ematea: lehen entsegu saio horretan bertan.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.