"AztarriTruk!" ekimenerako prestaketa lanak abiatu ditu Usurbilgo gazte mugimenduak ostiral honetan Sutegin. Albiste honi atxikitako irudian ikus dezakezuen moduan, dagoeneko hasiak dira abenduaren 23rako antolatu duten bigarren eskuko azokarako materiala biltzen. Ekimen honen helburua, trukea eta berrerabilera sustatzea da, erosi eta bota ordez, eman, hartu eta objektuei bigarren bizitza ematea.
Kafe Tertulia Usurbilgo Neska* Gazten Talde Feministak, Ernai gazte antolakundeak eta Aztarrika gazte asanbladak urte amaiera honi begira, egungo kontsumo ereduaz hausnartzeko antolatu dituen topaketen baitan iragarri du lerrootan mintzagai dugun ekimen hau.
Abenduaren 23ko azokarako materiala bildu nahi dute egunotan; arropa, liburuak, oinetakoak, osagarriak, diskak... Hiru bilketa egun finkatu dituzte; pasa den ostiral honetakoaz gain, abenduaren 17 eta 19koa. Bi egunotan, 17:30-20:00 artean Sutegiko erakustaretoan bideratuko dute aipatu gai horien guztien bilketa.
Hiru egun horietan jasotakoa gero, abenduaren 23an jarriko dute ikusgai, 11:00-14:00 artean frontoian egingo duten bigarren eskuko azokan. Bilketarako materiala utzi dutenek nahiz gainerako edozein herrikideek azoka honetan ikusitakoa hartu eta berrerabiltzeko aukera izango dute.
Usurbilgo gazte mugimendutik ekimenotan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.