Gabonak 2023

Antolatu dituzten topaketetan parte hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 16a, 10:15

Argazkia: Usurbilgo gazte mugimendua.

Egungo kontsumo ereduaz hausnartzeko hainbat ekimen antolatu dituzte Aztarrika gazte asanbladak, Ernai gazte antolakundeak eta Kafe Tertulia Neska* Gazteen Talde Feministak urte amaiera honetarako, "gabonak gazte mugimenduarekin! Herrian ekoitzia" aldarripean. Helarazi diguten ondoko talde argazkiarekin hitzorduotan parte hartzeko deia egin dute.

Hasteko, AztarriTruk izeneko bigarren eskuko azoka iragarri dute abenduaren 23an. Egunotan inoiz baino ohikoagoa den saldu, erosi eta bota, joera nagusi horren ordez, eman eta hartu, trukatu eta berrerabili, horixe sustatu nahi dute gazte mugimendutik. Herritarrei hitzordu honetan parte hartzeko deia egin diete.

Horretarako, egin beharrekoa oso kontu erraza da; etxean izan eta erabiltzen ez duzuen arropa, oinetako, osagarri, diska eta liburuak AztarriTruk ekimeneko antolatzaileei helarazi. Bildutakoa hilaren 23ko azokan jarriko dute nahi duenaren eskura. Dugun horri bigarren bizitza ematea da gazte mugimenduaren ekimen honen helburua.

Aipatu moduan, azokarako materiala uzteko hiru bilketa egun finkatu dituzte antolatzaileek; abenduaren 15ean, 17an eta 19an, arratsaldez, 17:30-20:00 artean Sutegiko erakustaretoan. Egunotan jasotakoa, hilaren 23an, 11:00-14:00 artean frontoian egingo den bigarren eskuko azokan jarriko dute herritarren eskura.

Sutegin materiala utzi dutenek eta ez dutenek ere frontoiko trukerako eremutik objektuak eskuratzeko aukera izango dute. "Ez dago Sutegin zertan ezer utzi, gero frontoian hartzeko. Agian hartzeko ez duzu ezer nahi baina Sutegin zerbait utzi nahi duzu, edo uzteko ezer izan ez arren, zerbait hartu nahi duzu". Herrikide orori parte hartzeko gonbita egin diote. Ohartarazi dutenez, abenduaren 23ko trukerako gune horretan geratzen diren bigarren eskuko produktuak berrerabiltzeko beste bide batzuk hautatuko dituzte.


Elkarrekin kantuan
Egungo kontsumo ereduaz hausnartzera bideraturiko ekimenetako bat izango da asteotakoa, baina ez bakarra. AztarriKant kantu-jira berezia iragarri dute abenduaren 24rako eta jardunaldi eguna hilaren 26an. Modu horretan, bestelako kontsumo eredua sustatu nahi dute, bai ekimen horren bidez, baita aisialdi garaiko beste ospakizunetan ere; abenduaren 24ko poteo orduan esaterako. Izan ere, gabon gaueko afariaren aurretik, tabernetan kontsumitzeko dagoen ohituraren aurrean eta topaketa hauen testuinguruan AztarriKant ekimenari tartea egitea ezinbestekotzat jo dute. Bada denbora egitasmo hau abiarazi zuela taldetxo batek. Euskarazko abestiak kantatzeko bira da honakoa, entseguetan aritzeaz gain noiz edo noiz kalean kantatzen ere aritu dira. Abenduaren 24ko arratsalde partean herrian barrena bira egitekoak dira. "Herrikideen arteko harremantze polita sortzen da, euskal kulturaren bueltan", gogorarazi dute antolatzaileek, herri osoa hitzordu honetara gonbidatzearekin batera.


Kontsumoa ertz askotatik
Trukean, kantuan eta kontsumo ereduaren inguruko hausnarketara bideratu nahi ditu baita urte amaiera honetako topaketok Usurbilgo gazte mugimenduak. Horretarako baliatu nahi dute hilaren 26ko eguna; goiz partean, Kafe Tertuliak eguberrietako ospakizunak eta zaintza lotuko dituen jardunaldia iragarri dute. Gabon garaiko kontsumo ereduko rolez jardungo dute. Ernairen eskutik, arratsaldean askotariko ertzetatik helduko diote kontsumoaren gaiari, esparru ezberdinetan duen eraginaz hausnartuko dute. Iluntzean, gazte belaunaldi musikari berriaren emanaldiez gozatzeko aukera izango da.



Usurbilgo gazte mugimenduaren topaketak
Abenduak 15, 17, 19
17:30-20:00 Abenduaren 23ko AztarriTruk bigarren eskuko azokarako material bilketa Sutegiko erakustaretoan.

Abenduak 23, larunbata
11:00-14:00 AztarriTruk bigarren eskuko azoka Usurbilgo frontoian.

Abenduak 24, igandea
17:30 AztarriKant kantu-jira herrian barrena Olentzerorekin Dema plazan.

Abenduak 26, asteartea
11:30 Kafe Tertuliak antolaturiko "gabonetan ere nork zaintzen gaitu?" hausnarketa saioa Potxoenean.
17:00 "Kontsumismoaren hamaika aurpegi: larrialdi klimatikoa eta pobrezia aztergai” mahaingurua Potxoenean.
20:00 Kontzertuak Aitzaga aurrean: Txiskeroak, Anuk eta Elene.

Antolatzaileak: Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanblada, Kafe Tertulia Usurbilgo Neska* Gazte Feministen Taldea, Usurbilgo Ernai.