Zer eskatu nahi diozue Olentzerori eta Mari Domingiri? Ideia horiek paperean idazteko garaia duzue. Astebete baino ez da geratzen gabon gauerako, galdegindakoa jasotzeko, edo ez. Halere, eskatzea libre denez, aipatu moduan, gurarien zerrenda osatu eta horrekin batera, Olentzerori eta Mari Domingiri adierazi nahi diozuena helarazteko aukera duzue herrian barrena jarri dituzten postontzietan. Irudiko egurrezko etxetxoa Sutegi udal liburutegian duzue. Gehiago ere badira. Adi, beraz. Gutunok bertan utzi eta abenduaren 24ko gauean etxez etxe lanean gogor jardungo duten Mari Domingi eta Olentzerori helaraziko dizkiete.
Harrera Aginagan eta Usurbilen
Datorren asteburuan helduko dira Mari Domingi eta Olentzero gure artera. Lehenbiziko harrera Aginagan egingo diete abenduaren 23an. Biharamunean, Kalezartik barrena Usurbila helduko dira:
Abenduak 23, larunbata
18:00 Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Aginagara:
"Sekaña eta Mitxerkoneko gurutzetatik behera etorriko da Olentzero haurren eskutitzak jasotzera Eliza Zaharrera".
Antolatzailea: Antxomolantxa.
Abenduak 24, igandea
17:00 Olentzero eta Mari Domingiren etorrera: "Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira galtzagorri, joaldun, adar-jole eta trikitilarien laguntzarekin. Haurrak agurtu, haien nahi eta eskaerak entzun, eta mendira itzuliko dira gauean etxe guztietara iritsi ahal izateko. Plazan, umeek Olentzero eta Mari Domingirekin argazkia ateratzeko aukera izango dute. Abenduaren 11tik aurrera postontziak jarriko dira herriko hainbat gunetan, gutunak jaso ahal izateko".
Antolatzaileak: herritarrak, eragileak eta Udala elkarlanean.