Inoiz ez dute eskari faltarik izaten, baina gaurkoa itzela izan da. Zuten guztia, ohi bezala onena eman dute Usurbilgo talogileek igande goiz eta eguerdi partean frontoian ospatu den San Tomas azokan. Postua prestatu duten unetik bertatik hasi zaizkie talo eske. Eguerdi partean, ordea, arindu ezin izan duten ilara luze askoa osatu zaie postuaren bueltan.
Talo zaletuez inguratua eta eskubete lan zutela agurtu dute Usurbilgo egungo talogileen taldeak urteotako ibilbidea. Egunotan iragarri moduan, NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko gaurko azoka hauxe zuten haien azken laneguna.
Lekukoa hartuko dutenen bila
Erreleborako deia egin dute hedabide honen bidez aste honetan. Hurrengo hitzordua, izatez 2024ko maiatzeko Sagardo Eguna izango litzateke. Ordurako beharko lukete erreleboa. "Norbaitzuk ardura hartuko balute, haiei laguntzeko prest egongo ginateke", ohartarazi digute.
Eskerrak helarazi nahi dizkiete talogileek urte hauetan guztietan "lanean aritu diren guztiei eta Udalari ere bai, emandako laguntza guztiagatik, baita, noski, taloak kontsumitu dituztenei".