Sari banaketan azaldu duten moduan, bereziki sagardo txapelketako edari onenak hautatzeko osatu duten epaimahaiak ez du hautaketa lan erraza izan, sailkapeneko lehen bi postuetarako sarituak puntuaketa aldetik berdinduta amaitu baitute. Eta onena erabaki behar izan dute bi horien artean.
NOAUA! Kultur Elkarteak igande goiz honetan antolaturiko azoka ireki eta berehala hasi dira lanean ekimen honen baitan antolatu diren babarrun eta sagardo txapelketetako epaimahaiak.
Honatx mahaiok osatu dituzten kideak. Sagardo txapelketari dagokionean, Peña Pagola elkarteko kide Imanol Ikutza, Urdaira sagardotegiko Ane Azkonobieta, Aitzaga elkarteko Beñat Larrañaga eta Xabier Mikel Errekondo, Atxegaldeko Mahaspildegi elkarteko kide Aingeru Orbegozo eta Sagardo Egunaren Lagunak taldeko ordezkari Mikel Arrilaga aritu dira epaile lanetan. Babarrun txapelketari dagokionean, Tolosako babarrun elkarteko ordezkari bat eta herrikide Joxe Mari Iribar.
Sagardoa epaimahaiari zerbitzatze lanetan, urte luzez egin duen moduan, aurten ere Xabier Soroa kalezartarra aritu da.
Gogoan izan, 29 ekoizle aurkeztu dira aurtengo babarrun eta sagardo txapelketetara. Haietatik hamarrek aurkeztu dute etxean egindako babarruna, 24k etxean ekoitzitako sagardoa. Ezohiko zenbakiak honako hauek; izan ere, inoiz baino babarrun gutxiago lehiatu da aurtengo edizioan. Garai batean, 50 ekoizle parte hartzera heldu ziren. Aldiz, inoiz baino sagardo ekoizle gehiagok parte hartu du aurtengoan.