Goiz izoztuaren ostean, eguerdiko eguzki izpi goxoek ere epeldu dute frontoiaren buelta eta jendetsua izan da aurtengo San Tomas azoka. Aurreko edizioetan baino goizago hasi dira mugitzen bisitariak. Postuetan barrena egin duten osteratxoa aurreratu dute hainbatek, erosketak goizago egiteko tartea baliatu duenik ere izan da.
Halere, nola ez, 12:30etatik aurrera bildu da jende gehien. Postuei dagokienez, herrikide ugari baita herritik kanpotik etorritako hainbat artisau ere. Etxekoen artean, bi ikastetxe; Udarregi ikastola eta Aginagako eskola, biek ala biek jarritako postuetan ikasturte amaierako bidaiarako laguntza biltzen aritu dira.
Jan-edan faltarik ez
Belaunaldi gazteenaz gain, beteranoenak ere gogotik aritu dira lanean. Haien ibilbidea amaitutzat ematea erabaki ostean, gaurkoa zuten Usurbilgo talogileek haien azken laneguna. Parean zituzten baita herriko gaztaingileak ere.
Jakien artean, aurten berrikuntza nagusi bat; Eskura Elikadura eta Dietetika aholkularitza zerbitzukoek babarruna osagai zuten zenbait jaki eder askoak prestatu eta zerbitzatu dituzte, haien gunea ezagutzera ematearekin batera.
Jatekoari bultzada emateko, herrian ekoitzi eta gaurko azokan lehiatu diren sagardoak dastatzeko aukera izan da, baita beste postu batean, lehiatu diren babarrunak ikustekoa ere.
Alkartasuna kooperatibak postua jarri du argitalpen eta salgai izaten dituzten bestelako produktuekin. Etumeta AEK euskaltegiko lagunak ere datorren 23. Korrikari begirako materiala saltzen aritu dira. Alboan zituzten Nafartarrak taldekoak; udazken honetan zehar abian izan duten Zuberoako ikastolak laguntzeko elkartasun kanpainaren baitan eskatu dituzuen otarrak banatzen.
Azokaren antolakuntzak ere txoko propioa izan du; NOAUA! Kultur Elkarteak ere eskuragarri jarri ditu urteotan kaleratu dituen hainbat argitalpen eta produktu.