Gehiengo sindikalak (LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK) urriaren 25ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sektore publikoan deitu zuen lehen greba egunak babes zabala izan zuen Usurbilen. Ikastetxeetan nabaritu zen; Aginagan, esaterako, eguneroko jarduna eten zuten, gutxieneko zerbitzuak finkatu zituzten. Udal langileekin kudeaturiko zerbitzuak ere eten zituzten, izan ere udal langileek bat egin zuten deialdiarekin.
Urriaren 25ekoarekin batera gehiengo sindikalak bigarren greba egun bat ere deitu zuen astearte honetarako, abenduaren 19rako, baldin eta tarte honetan haien eskakizunak bideratzen ez baziren. Eta hala gertatu da, deialdi honi eustea erabaki dute. Beraz, gaur sektore publikoan greba eguna izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
"Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei, erosahalmena bermatzea eta behin behinekotasuna %8ra murriztu arte enplegua kontsolidatzea" eskatzen dute LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek. "Azken urteotan zerbitzu publikoen kalitateak okerrera egin du nabarmen, eta lan-baldintzak okertu egin dira. Horrek zuzenean eragiten du herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean, aurrekontu-esleipenarekin eta inbertsio politikekin zuzenean lotuta daudenak", ohartarazi zuten irailaren 15ean egindako agerraldian.
Udal langileak grebara
Usurbilgo kasuan, urriaren 25eko antzeko egoera biziko da. Izan ere, Usurbilgo Udaleko langileek greba honekin bat egitea erabaki zuten ostegunean egindako batzarrean. Honenbestez, udal-langileekin kudeatzen diren zerbitzu publiko guztiak eten egingo da astearte honetan. Honako hauek: udaletxea, Gizarte Zerbitzuak, Potxoenea eta Sutegi. Garbitaniak ere greba deialdiarekin bat egitea erabaki duenez, asteartean ez da hondakin bilketa zerbitzurik izango. Larrialdi guneak zabalik egongo dira halere, behar dutenentzat.
Udal-langileen bidez ematen ez diren zerbitzuak, irekita egongo dira; hala nola, Oiardo kiroldegia, etxez etxeko laguntza, Gaztelekua, jubilatuen egoitzak, Haur Eskola, Eguneko Arreta, sexu aholkularitza gunea, Bidez Bide zerbitzua eta baita tailer eta ikastaroak. Potxoenea ere zabalik izango da, modu autogestionatuan bileretarako erreserbak egin dituztenentzat.
Lurraldebus
Abenduaren 19ko sektore publikoko greba deialdia dela eta gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu Lurraldebusek. Zumaia Donostiarekin lotzen duen UK09 zerbitzuan, esaterako, Donostiarantz zerbitzuok eskainiko dituela iragarri du: 8:10ean, 9:15ean, 13:15ean, 13:45ean, 19:15ean eta 20:15ean. Usurbildik Aginagarantz, 7:15ean, 9:15ean, 10:15ean, 14:15ean, 14:45ean, 19:15ean, 20:15ean eta 21:45ean. Informazio gehiago lurraldebus.eus atarian edo 900 300 340 telefono zenbakian.
Euskotren
Euskotrenek %30eko gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu abenduaren 19rako, "Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak emandako aginduarekin bat etorriz". Asteburuetako maiztasuna izango du tren zerbitzuak bihar; goizeko 6:24-22:24 artean orduero igaroko da trena Usurbildik Donostiarantz. Azkeneko zerbitzua 22:54an izango da. Usurbildik Oriorantz ere berdin; 6:04-22:04 artean orduero igaroko da trena. Informazio gehiagorako: euskotren.eus / 944 333 333.
Adierazpena
LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok (sektoreko ordezkaritzaren %85 osatzen dugunok) Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei soldata eta enplegua hemen adostu ahal izatea ahalbideratu dezatela eskatzen diegu.
LAB, ELA, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuok (ordezkaritza sindikalaren % 85tik gora) urriaren 25ean eta abenduaren 19an bi greba egun egitera deitu ditugu EAEko sektore publikoko langile guztiak.
Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei, erosahalmena bermatzea eta behin behinekotasuna %8ra murriztu arte enplegua kontsolidatzea eskatzen diete
Azken urteotan zerbitzu publikoen kalitateak okerrera egin du nabarmen, eta lan-baldintzak okertu egin dira. Horrek zuzenean eragiten du herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean, aurrekontu-esleipenarekin eta inbertsio politikekin zuzenean lotuta daudenak:
- Hamarkada luze daramagu, eremu publikoko hitzarmen kolektiboak eta akordio arautzaileak berritu gabe. (Mahai Orokorra, Osakidetza, Hezkuntza, Administrazio Orokorra, udal eta foru administrazioan… )
- Behin-behinekotasun-tasak onartezinak dira.
- Pribatizatzen jarraitzen da, eta dagoeneko 100.000 langile inguru azpikontratatuta dago.
- Erosteko ahalmenaren galera metatua % 20koa izan da azken hamarkadan.
- Murrizketak, plantilla urriak , plantillen osasun fisikoari eta emozionalari kalte egiten dioten antolaketa-neurriak eta -erabakiak, besteak beste;-lan-kargak handitzea, ordezkapenik ez egitea, belaunaldi-erreleboaren planifikaziorik eza, osasun-zainketen konplexutasunaren gorakada, egonkortasunik eza, kontziliazio-neurriei heltzeko zailtasunak, ikasleen eta artatu beharreko biztanleen gero eta aniztasun handiagoa, desberdintasun sozialak sortzen dituzten politikak-. Horrek guztiak ondorio larriak ditu zerbitzuaren kalitatean.
- Zerbitzu Publikoak eta bertan lan egiten duten langileak benetan euskalduntzeko plangintzarik eta baliabiderik ez dago, zerbitzua euskaraz landu eta eskaini ahal izateko.
- Lan-baldintzak okertzeak eragin handiagoa du emakumeengan. Aipatu behar da, gainera, eremu batzuk oso feminizatuta daudela. Behin-behinekotasun-tasa handiagoa da emakumeen artean, eta lanaldi partzialak orokorragoak dira emakumeak gehiengoa diren sektoreetan eta/edo kolektiboetan. Gainera, soldata arrakala %25 baino handiagoa da.
Pandemiak agerian utzi zituen narriadura horren ondorioak. Hiru urte geroago, egoera hori konpondu beharrean, euskal erakundeek superabita izaten jarraitzen dute mozkin pribatuak gizentzeko: gizarte premiak larriagotzen eta zerbitzu publikoak okertzen diren bitartean euskal gizarteak sortutako 10.000 milioi euro bankuetan gordeta dituzte (2023an diru bilketa errekorra izan da)
Horregatik, LABek, ELAk, CCOOk, Steilasek eta ESK-k egoera hori lehengoratzeko, zerbitzu publikoen eta horiek ahalbidetzen dituzten pertsonen alde egiteko eta honako erabaki hauek hartzeko eskatu diegu erakundeei eta alderdi politikoei:
Aurrekontuetan:
- Estatu aurrekontuetan: Soldata publikoak eta enplegu publikoaren beharrak hemen mugarik gabe ezartzea. Oinarrizko legediaz mozorrotutako Soldata-mugarik eta birjarpen-tasarik gabe,hau da, oztopoak kentzea.
- EAEko aurrekontuetan: Zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea , lan-baldintzak hobetzea eta galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea ahalbidetuko duten aurrekontuak onartzea.
Negoziazio-mahaietan honako neurri hauek adostea:
- Soldatetan:
- % 10eko soldata-igoera. Azken bi urteetako erosteko ahalmenaren galera berreskuratzeko eta 2024koa bermatzeko.
- Aurretik galdutako erosteko ahalmenaren gaineko zorra aitortzea eta berreskuratzeko benetako konpromisoa hartzea.
- Enpleguan:
- Pribatizazio berririk ez. Eta jada pribatizatutakoa publifikatzeko plana adostu langileen subrogazioa bermatuz.
- Egiturazkoa den ezkutuko enplegua azaleratzea eta sortu beharreko lanpostuak adostea.
- behin-behinekotasun erreala %8tik behera kokatu, horretarako neurriak hartuz horrela ez den langile kolektiboetan eta horretarako beharrezkoak diren EPE egutegiak eta orain arte lanean aritu diren langileek lanpostuak kontsolidatzeko izan daitezela adostuz.
- Inposatutako jardunaldi partzialak ezinezkoa dela erabakitzea
- Plantillak gaztetzeko neurriak: erretiro-kontratua langile publiko guztientzat baldintza onenetan, Erretiro-primak eta lanaldi-murrizketak berreskuratzea.
- Lan-osasuna:
- Lan-kargak murrizteko neurri zehatzak adostea.
- Formakuntza egokia eta egokitua bermatzea.
- Langileen ongizate fisikoa eta emozionala bermatzeko arrisku psikosozialen eta arrisku ergonomikoen ebaluazioak egin urtebeteko epean, eta neurri zuzentzaileak adostu.
- Langile publikoen osasunaren kudeaketan publikotik indartu, mutuen papera gutxituz.
- Euskara
- Administrazioaren benetako euskalduntzea bermatuko duten planak adostea. Horretarako:
- Lehen aldiz lanpostu publiko bat betetzeko euskararen ezagutza nahikoa ziurtatuko duten langileak hautatu.
- Lanean diharduten langileei euskalduntzeko baliabideak formakuntza eta baldintzak bermatzea.
- Jardunaldiaren murrizketak 32 orduko lan astearen norabidean.
- Berdintasunerako benetako urratsak ekarriko dituzten genero-arloko neurriak, besteak beste, berdintasun-plan erreal eta eraginkorrak negoziatzea.
LAB, ELA, COOO, Steilas, ESK eta SATSE sindikatuek langile publikoei urriaren 25ean eta abenduaren 19ko greba deialdiekin bat egiteko deia egiten diegu, baita deitutako mobilizazio eta aldez aurreko ekitaldietan parte hartzeko ere.