Usurbilgo gazte mugimenduak abenduaren 23rako frontoian antolatu duen AztarriTruk bigarren eskuko azokarako materiala biltzeko hirugarren eta azkeneko eguna izango da gaurkoa, abenduaren 19koa. Aldez aurretik, hilaren 15ean eta 17an aritu ziren trukea eta berrerabilera sustatzea helburu duen ekimen honetarako objektuak jasotzen. Erosi eta bota ordez, eman, hartu eta objektuei bigarren bizitza ematea da hitzordu honen asmoa.
Kafe Tertulia Usurbilgo Neska* Gazten Talde Feministak, Ernai gazte antolakundeak eta Aztarrika gazte asanbladak urte amaiera honi begira, egungo kontsumo ereduaz hausnartzeko antolatu dituen topaketen baitan iragarri du lerrootan mintzagai dugun ekimen hau.
Abenduaren 23ko azokarako materiala bildu nahi dute egunotan; arropa, liburuak, oinetakoak, osagarriak, diskak... Hiru bilketa egun finkatu dituzte; pasa den ostiral eta igandekoaz gain, gaurkoa, hilaren 19koa. 17:30-20:00 artean Sutegiko erakustaretoan bideratuko dute aipatu gai horien guztien bilketa.
Hiru egun horietan jasotakoa gero, abenduaren 23an jarriko dute ikusgai, 11:00-14:00 artean frontoian egingo duten bigarren eskuko azokan. Bilketarako materiala utzi dutenek nahiz gainerako edozein herrikideek azoka honetan ikusitakoa hartu eta berrerabiltzeko aukera izango dute.
Usurbilgo gazte mugimendutik ekimenotan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.