Usurbil herri sortzailea dela argi uzten duen albistea segidan. Sorkuntza uzta oparoa ekarri digu agurtzear dugun 2023ak ere. Aurtengoan bereziki literatura sorkuntza nagusitu da usurbildarrek plazaraturiko lanetan, ondoko argazkian ikus dezakezuen moduan. Sutegi udal liburutegiak egin duen lanon bilketan musikagintzari lotutako lan bakarra dugu aurtengoan; 2014an osatu zen Rukulak “Traganarru” izeneko hirugarren diska berria kaleratu du.
Gainerakoan, irudi nahiz testuez hornituriko liburuak ditugu. Hiru argitalpen kaleratu ditu aurtengoan Ixabel Agirresarobek Iñaki Martiarena “Mattin” ilustratzailearekin batera; Amona Tomaxaren abentura berriak “udazkenean”, “Primi eta Maurizia: larru marruak” eta berriki aurkeztu duten “Remigioren Udarregi: Txulotik”.
Jakoba Errekondoren bi argitalpen ere (bat falta da argazkian) Usurbilgo 2023ko sorkuntza uztaren baitan ditugu: “2023 ilargia eta landareak: urteko lanen agenda” (2024koa aurkeztu berri du Durangoko Azokan) eta “2023ko ilargiaren egutegia”.
Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak “Mari Gonagorri eta hamazazpi berri”, Agirresarobek berriki egin bezala, jendaurrean aurkeztu zuen argitalpena ere hortxe dugu 2023ko uzta honetan, baita berriki “Ni ez naiz Mikel Laboa” argitalpenagatik saritu duten Joseba Larratxek “Joseviskyk” marraztutako Larrun aldizkariko azalak eta Izaro Artoitaren “Lina Plastilina: istripu handia” liburuari erantsi dion irudi bilduma. Ilustrazio lanei buruz ari garela, denetarik; poesia, ipuin laburrak, marrazkiak... biltzen dituen DA proiektu kolektiboaren argitalpena ere plazaratu da aurtengoan.
Sutegin ikusgai
Urteko errepasoaz ari garela, “XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak” batu ditu Pello Zubiria Kamino aginagarrak “Planeta prekarioan” liburuan. Sorkuntza lan ezberdinak batzen dituzten bi katalogo ere bai: Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko muralaren 50. urtemugaren harira kaleraturikoa bat, eta bestea, Jose Luis Elexpe “Pelex”-ek Sutegin ikusgai jarritako “Hotsez Hots 2.0” erakusketaren harira plazaraturikoa.
Beste bi liburu baita uzta oparo honetan; Susa argitaletxeak ateratako Jon Alonsoren “Carvalho Euskadin” eta David Williamsen “Dentista deabrua”.
Uzta horretan txertatua dago NOAUA! bidez egunotan jaso duzuen Ainara Azpiazu Aduriz “Axpi”-ren “Azkonar”.
Bilduma osoa asteotan izango duzue ikusgai Sutegiko erakustaretoan.