Gabonak 2023

Bi egun eta lau geltoki, Olentzeroren eta Mari Domingiren birak

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 20a, 12:28

Santuenea, Aginaga, Kalezar eta Kaxkoa zeharkatu eta gune hauetan guztietan harrera egingo zaie Mari Domingiri eta Olentzerori datorren asteburuan.

Badatoz galtzeko arriskurik gabe, bidea ondo baino hobeto ezagutzen baitute. Asteburuan helduko dira Mari Domingi eta Olentzero gure artera. Etxez etxe opariak banatzen gaupasa egin aurretik, kalejiran ikusiko ditugu. Izan ere, harrera bana antolatu diete Kalezarren, Aginagan, Santuenean eta Usurbilen. Lehen geltokia, Aginagan egingo dute. Larunbat arratsaldeko 18:00etan ikusiko ditugu Sekaña eta Mitxerkoenea ingurutik behera. Bidelagun izan nahi duten herrikide guztiekin Eliza Zaharrerainoko bidea osatuko dute eta han, eskariak egin eta ilusioa eta magia ekarriko diguten pertsonaiekin egoteko aukera izango da.

Biharamunean, Usurbil, Santuenea eta Kalezarren txanda. Aginagako biraren ostean, abenduaren 24an, arratsaldean, Santueneara helduko dira eta hantxe Tragoxka paretik abiatuta bira egingo dute auzoan barrena. Lehenago helduko dira Kalezarrera eta handik Usurbilera jaitsiko dira. Aurreko urteen ildotik, Egurtzegi paretik Kalezar erdigunera helduko dira. Auzoa alderik alde zeharkatu eta Aliprox pareko biribilgunera jaitsiko dira. Ibilbidea ez dute noski, bakarrik egingo. Herritarrez inguratua ziur, baina bidelagun gehiago ere izango dituzte aurreko urteen antzera. “Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira galtzagorri, joaldun, adar-jole eta trikitilarien laguntzarekin”, iragarri du antolakuntzak.

Handik Eguzkitzaldea eta Artzabal inguruetatik igaro ostean, Mikel Laboa plazarantz etorri eta handik Dema plazan sartuko dira, harrera ekitaldi nagusirako. Izango dute mezurik han bertaraturikoentzat. Eta nola ez, haiengana gerturatzeko aukera izango dute txikienek. Antolatzaileek aurreratu dutenez, “plazan, umeek Olentzero eta Mari Domingirekin argazkia ateratzeko aukera izango dute”.

Une horretan, “haurrak agurtu, haien nahi eta eskaerak entzun, eta mendira itzuliko dira gauean etxe guztietara iritsi ahal izateko”.

Lankidetzan
Igandeko kalejira bideratzea auzolanaren emaitza da Usurbilen. Antolakuntza lanetara batu dira Usurbilgo Udala, hainbat herrikide eta eragile ere; tartean, aipatzekoak, galtzagorrien azalean sartuko diren gaztetxoak edota haien gurasoak, DBHko antortxeroak baita prestaketa lanekin bat egin duen gazte mugimendua ere.

Postontziak
Antolakuntza talde zabala dago Mari Domingiri eta Olentzerori igandean egingo zaion harreraren atzean. Prestaketa lan betean aritu dira asteotan. Baina adi, herritarrok ere badugu aldez aurreko etxekolanik igandeko kalejiraren atarian; oparitan jaso nahi ditugun eskarien zerrenda prestatzea esaterako. Adi, iragan astetik postontziak jarriak dituzue herriko hainbat guneetan. Gutuna idatzi eta etxola hauetan utzi ahalko dituzue.

Argazkiak ateratzeko aukera
Mari Domingi eta Olentzero bizidunak gure artera heldu aurretik, jada Mikel Laboa plazan kokatu dute urteroko estalpea Olentzerorekin. Eta haren ondoan esertzeko hutsunea, ikazkin ezagunenarekin argazkiak ateratzeko aukera ederra.



Olentzero eta Mari Domingiren etorrera
Egunotan
-Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak idatzi eta biltzeko postontziak herriko txoko ezberdinetan.
-Olentzerorekin argazkiak ateratzeko aukera Mikel Laboa plazako estalpean.

Abenduak 23, larunbata
18:00 Olentzero eta Mari Domingi Aginagako Eliza Zaharrean.
Zehaztasunak: "Sekaña eta Mitxerkoneko gurutzetatik behera etorriko da Olentzero haurren eskutitzak jasotzera Eliza Zaharrera".

Abenduak 24, igandea
17:00 Olentzero eta Mari Domingi Kalezartik Usurbila:
"Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira galtzagorri, joaldun, adar-jole eta trikitilarien laguntzarekin. Haurrak agurtu, haien nahi eta eskaerak entzun, eta mendira itzuliko dira gauean etxe guztietara iritsi ahal izateko. Plazan, umeek Olentzero eta Mari Domingirekin argazkia ateratzeko aukera izango dute. Abenduaren 11tik aurrera postontziak jarriko dira herriko hainbat gunetan, gutunak jaso ahal izateko".
Antolatzaileak: herritarrak, eragileak eta Udala elkarlanean.

18:00 Olentzero eta Mari Domingi Santuenean Tragoxka paretik.
Zehaztasunak: auzoan barrena bira Mari Domingirekin eta Olentzerorekin.
Antolatzailea: Santuenea elkartea.