Herri misioetan eta auzoen eraberritzean sakontzen duten udal aurrekontu proposamena aurkeztu die gobernu taldeak asteotan Usurbilgo herri eta auzoetako bizilagunei eta oposizioko taldeei. Hala jakinarazi du udal gobernu taldeak. "Azaroan aurkeztu zuen gobernu taldeak aurrekontu-proposamena, eta azken asteotan auzo batzarretan aurkezten aritu gara, eta oposizioarekin ere eskuz esku lanean aritu gara, eta, ondorioz, batean eta bestean egindako ekarpenak barneratu ditugu".
"Oso aurrekontu altua"
Guztira 13,1 milioi euro pasatxo izango ditu Usurbilek eskuartean dituen hurrengo urteko egitasmoentzat, iazkoaren antzekoa; 2023rako 13.168.200 euro izan ditu udalerri honek. Halere, azken hamarkadako bilakaera kontuan izanda, "oso aurrekontu altua izaten jarraitzen du". Urte berriko udal aurrekontuok, gobernu taldetik iragarri dutenez, "bost erronka handiri erantzuteko baliatu nahi ditugu".
"Ez dugu kontrako bozkarik espero"
Abenduaren 13an Antolaketa Batzordean diktaminatu ostean, asteazken honetarako deitua duten 2023ko azken ezohiko osoko bilkuran hasieraz onartzekoak zituzten, "adostasunaren aurrekontuak" izendatu dituztenak. Azaldu dutenez, "oposiziotik jaso ditugun emendakin gehienak barneratu ditugu". Besteak beste, honako hauek; "espazio publikoa hobetzeko partida handitu da (18.000 euro gehiago), kirol sailera 40.000 euro gehiago bideratu dira eta tokiko garapena eta merkataritza indartzeko partidak handitu dira. Emendakinok, gainera, aho batez onartu dituzte udal talde politiko guztiek". Horregatik, EHBildutik aurreikusi dutenez, "ez dugu, beraz, kontrako bozkarik espero abenduaren 20an".
Diru-sarreren handitzea
Ohiko finantziazio iturrietatik diru kopuru gehiago jasoko duela aurreikusi du gobernu taldeak. Iaz baino 389.183 euro gehiago Foru Funtsetik, 5.422.827 euro guztira; 283.509,36 euro gehiago zuzeneko zergetan, 3.363.412,36 euro. "Igoera esanguratsuenak plusbalian eta Jarduera Ekonomikoaren Zergan aurreikusten ditugu". %2,9ko igoera orokorra aplikatuko dieten urte berriko tasa, zerga eta prezio publikoetatik ere gehiago jasoko du Udalak. Izan ere, orain arte ez bezala, "arazketagatik ere kobratuko dugu (%8 gehiago), eta horrek 172.789,08 euro gehiago biltzea eragingo du".
Hainbat dirulaguntza
Horrez gain, hainbat dirulaguntza ere jasoko ditu Udalak. "Herriko ur sistema hobetzeko eta digitalizatzeko, Europako funtsetatik 225.000 euro lortu ditugu, eta zaintza eredu berriaren inplementaziorako dirulaguntza esanguratsua lortuko dugu. Beraz, 300.000 euro inguruko dirulaguntzak jasoko ditugu, eta baditugu prestatuak beste hainbat proiektu ere, Europako funtsetatik etor daitezkeen deialdietara aurkezteko".
Gainerakoan, "2024ean ez dugu aparteko diru-sarrera "berezirik" espero". Gobernu taldetik gogorarazi dutenez, hain zuzen, "Zapategi eremuko (Michelin alboko partzela) garapenetik, hirigintza aprobetxamendu gisa, 861.189 euro aurreikusi genituen, eta horrek eragin zuen diru-sarrerek gora egitea, oso modu nabarmenean".
Honatx Usurbilgo udal gobernu taldetik helarazitako zenbakitan, urte berrirako osatu duten udal aurrekontu proposamenaren berri.
2024rako udal aurrekontuak
Guztira: 13.117.569,45 euro.
Bost erronka
Trantsizio ekosoziala
-Herriko argiteria berritzea: 90.000 euro.
-Plaka fotovoltaikoen instalakuntza: 40.000 euro.
-Usurbil 0.0 hondakinen kudeaketa osasungarria eta jasangarria: 23.000 euro.
-Kalezarko autobus geltoki berria eta Txokoaldeko zubia.
-2023ko aurrekontuetako partidak, exekutatzen ari direnak: berriki abiarazi duten Zumartegiko ibai ertza lehengoratzeko eta herritarrak erriora gerturatzeko obra.
-Energia eta klima aldaketarako teknikaria. Besteak beste, herritarrentzako aholkularitza zerbitzua eskainiko du.
650 Usurbil Bizi proiektua
-Zumetaren frontoi atzeko muralaren 50. urtemugako ekitaldien segida.
-Ez Dok Amairuren transmisiorako eta haren erakusleihoa izango den parke "inklusiboa, ludikoa eta dinamikoa" gauzatzeko proiektua Aranerrekan, "Usurbil euskal kulturaren mapan modu garrantzitsuan kokatzea" helburu izango duena.
-Sagardoaren Usurbil eta Errioaren Usurbil garatzen hasteko proiektuak eta bisita berriak.
Zaintza eredu berriaren inplementazioa
-Hobarien sistemari eustea, "gizarte babesean eta herritar guztien aukera berdintasunean sakontzeko".
-Dirulaguntza lerroak; hala nola, alokairua ordaintzeko edota Eskola Kirolerako.
-"Pertsona bat, zaintza plan bat" helburu duen zaintza ekosistema publiko-komunitarioa eratzen segitzeko eredu berriaren inplementazioa: 200.000 euro.
-Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren irekiera.
Gobernantza eredu berria
-Udalaren digitalizazioa.
-Misioen baitako udal gobernantza eraikitzeko parte-hartze prozesuaren abiatzea.
Herri/auzoen eraberritzea
Kalezar:
-Kaxkoa oineztu eta autoen joan-etorria erregulatzeko sistema: 50.000 euro.
-Autobus geltoki berria eta igogailua: 480.000 euro.
-Haur Eskolako aldapa txukuntzea: 175.000 euro.
-Pelaioenearen irekiera.
Aginaga:
-Elutxeko berdeguneko altzariak eta Eliza Zaharreko teilatuaren konponketa: 40.000 euro.
-Obrak: semaforoa, Eliza Zaharra, Kaxkoko parkea.
Santuenea:
-Auzoko sarreraren berrantolaketa, "irailean onartutako kreditu aldaketa baten bidez": 100.000 euro.
Zubieta:
-20.000 euroko partida zertara bideratu adosten ari da Udala Herri Batzarrarekin.
-Zubieta-Santuenea bidegorria gauzatzeko lanketa: lurjabeekin hitzarmenak lotzea, "ahal dela, 2025ean gauzatzen hasteko".
Etxealdia:
-Irisgarritasun Planaren 2. fasea gauzatzea (obrak urte hasieran esleituko dituzte): 350.000 euro.
Atxegalde:
-Auzotarrekin lankidetza bidea zabaltzen: 15.000 euro.
Txokoalde:
-Zubia berritzeko lanak: 300.000 euro (udaletik), 1.400.000 euroko aurrekontua.
Legealdiko Planean aurreikusitako proiektuak:
-Lurraldea lantaldearen indartzea, nagusiki etxebizitzei lotutako erronkei erantzuteko: Txirikordaren irekiera, etxebizitza hutsen diagnosia haiek "merkatu publikora ateratzea ahalegintzeko", HAPOaren behin-behineko onarpena,.
-Gazteria-kultura, Elkargunea definitzeko parte hartze-prozesua: 18.000 euro.
-Kirolaren plan estrategikoaren garapen eta proiektu gehiago: 30.000 euro.
-Euskararen erabilera indartu eta harrera linguistikoan errefortzuak: 30.000 euro.
-Nekazaritzaren sustapena: 10.000 euro.
-Emakumeen Etxeko programazioa eta bestelako programak: 40.000 euro.
Onarpen prozesua
-Azaroan zehar: Usurbilgo auzo eta herrietan eta oposizioko taldeei udal aurrekontu proposamenaren aurkezpena, ekarpen bilketa.
-Abenduak 20: 2024ko udal aurrekontuen hasierako onarpenaren bozketa.