Hilero azken ostegunetan izaten den hitzordua, bigarren hilabetez segidan, ohi baino lehenago egingo dute. Gogoan izan, azaroko osoko bilkura egun bat aurreratzea erabaki zuten, izatez hilaren 30ean egokituko zelako, Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza eskubide kolektiboaren alde deitutako greba feminista orokorraren egunean hain zuzen.
Azaroaren 29an egin zuten hilabete hari zegokion osoko bilkura eta hitzordu hartan hain zuzen, abenduari zegokion saioa ere aurreratzea erabaki zuten. Hilaren 28an egitea egokitu zen, baina urtero moduan, datozen ospakizunak tarteko, astebete, asteazken honetara, abenduaren 20ra aurreratzea erabaki zuten udal ordezkariek, bozketa bidez, aho batez.
Hamahiru puntu
Gaurkoa izango da, beraz, 2023ko azken osoko bilkura, ezohikoa eta urteko azkena, arratsaldeko 18:00etan hasita udalbatza aretoan. Beste albisteetako batean berri eman dizuegun moduan, 2024ko udal aurrekontuen hasierako onarpena izango da udal ordezkariek ahotan hartuko duten gaietako bat. Baina diru kontu gehiago ere hizpideen artean izango dituzte.
Hala, aurrekontuekin batera udalbatzak onartu ohi dituen urte berrirako Pantilla Organikoa eta Lanpostuen Zerrenda ere bozkatuko dituzte, baita Dirulaguntzen Plan Estrategikoko 2024ko eranskina onartzea. Mozioen atalari dagokionean, pentsio duinen gaia ekarriko dute mahai gainera. "Bizitza aseguruaren estaldura udal zinegotziei ere zabaltzea" izango da jorratuko duten beste gaietako bat.
Hamahiru puntuko gai-zerrenda luzean, "Etxeko Laguntza zerbitzua finantzatzeko Usurbilgo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena luzatzea" eta "Tokiko ekintza jasangarria eta tokiko 2030 Agenda Euskadin bultzatzeko -Udalsarea 2030, udalerri jasangarrien euskal sarearen berriztapena-akordioari atxikitzea" ere erabaki beharko dute udal ordezkariek.
Hirigintza alorrari lotutako beste bi gai ere bai gaurko hizpideen artean; Ugarte eta Iartza eremuei lotutako neurriak.
Urteko azken ezohiko osoko bilkura
Eguna: abenduak 20, asteazkena.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1-2023ko azaroaren 29ko bilkurako aktaren onespena.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2023ko azaroaren 20tik abenduaren 6ra (2023/1144-2023/1210).
3-2024ko udal Aurrekontu Proiektua hasieraz onartzea.
4-2024ko Plantilla Organikoa hasieraz onartzea (2023FAZE0001).
5-2024ko Lanpostuen Zerrenda onartzea (2023FAZE0001).
6-Dirulaguntzen Plan Estrategikoko 2024ko eranskina onartzea.
7-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-100 (Ugarte) eremuko Xehetasun-Azterketa behin betikoz onartzea (2023HXEA0001).
8-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-107 (Iartza) eremuko HEU 107.3 exekuzio unitateko Xehetasun-Azterketa behin betikoz onartzea (2023HXEA0002).
9-Tokiko ekintza jasangarria eta tokiko 2030 Agenda Euskadin bultzatzeko -Udalsarea 2030, udalerri jasangarrien euskal sarearen berriztapena-akordioari atxikitzea.
10-Etxeko Laguntza zerbitzua finantzatzeko Usurbilgo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena luzatzea (2023HITZ0009).
11-Bizitza aseguruaren estaldura udal zinegotziei ere zabaltzea.
12-Mozioa: gutxieneko pentsioa 1.080.
13-Galderak eta eskaerak.