Irudiok ikusita, begi-bistan dagoen moduan, eskuzabaltasunez jokatu du beste behin Usurbilgo herriak. Ikusi, Usurbilgo gazte mugimenduak iragan astean eginiko deialdiak izan duen erantzuna ondoko irudiotan. Aztarrika gazte asanbladak, Ernai gazte antolakundeak eta Kafe Tertulia Usurbilgo Neska* Gazteen Talde Feministak abenduaren 23tik 26ra antolaturiko topaketak abiarazteko AztarriTruk bigarren eskuko azoka antolatu dute larunbaterako, hilaren 23rako, 11:00-14:00 artean frontoian.
Trukea eta berrerabilera sustatzea helburu duen hitzordu honi begira, materiala biltzeko hiru egun finkatu zituen antolakuntzak abenduaren 15, 17 eta 19rako; arropa, oinetakoak, osagarriak, liburuak, diskak... uzteko deia egin zieten herritarrei. Astearte honetakoa izan da, beraz, azkeneko bilketa eguna Sutegiko erakustaretoan. Ikusi, aipatu hiru egun hauen ostean, zer itxura zuen bart iluntzean kultur-etxeko areto horrek. Eremua, azokarako gaiez betea zegoen.
Berrerabilera, trukearen bidez
Irudiotan bildutako guztia, larunbatean, abenduaren 23an, 11:00-14:00 artean frontoian jarriko dute ikusgai. Bilketan parte hartu dutenek nahiz nahi duen herrikide orok eskuratu ahalko du zerbait bigarren eskuko azoka honetan.
Usurbilgo gazte mugimenduak frontoian egokituko duen eremuan eskuragarri jarriko duen eskaintzaren bidez, etxean dugunari "bigarren bizitza" edo erabilera ematea da asmoa. Trukearen bidez, berrerabilera sustatu nahi dute.
Ekimen hau, egungo kontsumo ereduaz hausnartzeko Usurbilgo gazte mugimenduak abenduaren 23tik 26ra antolatu dituen topaketen baitan txertatua egongo da.