Gabon giroa heldu da Usurbila. Egunotan, kantu saio bat baino gehiago entzungo dugu herriko kaleetan, lehenbizi ikastetxeen eskutik, baita asteburuan Olentzerori eta Mari Domingiri egingo zaien harrera ekitaldietan ere. Halere, eguberriei doinua jartzen lehenak Eguneko Zentroko eta Eguneko Arreta Zerbitzuko erabiltzaileak izan dira, astearte honetan bertan Zumarten. Musika eskola belaunaldiarteko topaketen lekukoa izan zen; alde batetik, Zumarteko ikasle eta irakasleak trebatzen ari diren musika instrumentuekin gabonei doinua jartzen aritu ziren, haien bueltan, aipaturiko udal zerbitzuetako erabiltzaileak kantuan ari ziren artean.
Urte garai honetan ohikoa den kantutegiari errepaso ederra eman zioten, giro alai askoan. Aldez aurretik, eskolan barrena bisita gidatua egin zieten eta bertan dituzten instrumentuak baliatzeko aukera izan zuten.
Belaunaldiartekotasuna sustatzeko
Usurbilgo Udalak eta Zumarte Musika Eskolak antolaturiko hitzordu hau urtean bitan egiten dute. Bat uda aurretik eta bigarrena, garai honetan. Datozen egunok ondo pasatzeko mezua helaraztearekin batera, antolatzaileek belaunaldiartekotasuna sustatzen duten topaketa hauek antolatzen segitzeko asmoa agertu zuten, hitzordu hauen balioa nabarmentzearekin batera.
Hurrengoa, hain zuzen, udan irekitako Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunean, Egurtzegin egiteko proposamena ere egin zuten, baita urtean zehar topaketa hau gehiagotan antolatzekoa ere.