Gabonak 2023

Udarregikoak kantuan joan dira neguko oporretara

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 20a, 14:56

Kalejiran ibili dira Udarregi ikastolako irakasle eta ikasleak goiz partean Usurbilen zehar. Kantuan egin diete harrera ate joka ditugun ospakizun egunei.

Azkeneko klase eguna zuten asteazken honetakoa, abenduaren 20koa Udarregi ikastolan. Ondoko irudioi erreparatuz gero, ezohiko eguna. Kalera irten dira urtero garai honetan egiten duten moduan, abestera. Euri arriskua tarteko, ibilbidea egokitu behar izan dute. LHkoak izan dira goiztiarrenak; Agerialdetik abiatu dira, Udarregiko eraikin gorriaren sarreran egin dute geldialdia, hurrengoa udaletxe atarian. Geltoki hauen arteko bidea trikitilari eta panderojole ikasleak eta Jaione Eskudero musika irakaslea buru zuen kalejiran egin dute. Bidelagun izan dituzte, nola ez, etxekoak. 

LHkoak abiatu berritan irten dira baita DBH ziklokoak. Haiek zuzenean frontoian egin dute lehen geldialdia eta multzoa bi taldetan banatu dute gero. Zaintzaren erreferentzia guneetara joan dira; talde bat Artzabalera, bestea estreinakoz, uztailean inauguratu zuten Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune Egurtzegira. Bi taldeek gero Artzabalen amaitu dute emanaldia.

HHkoak eguerdian ikastolan bertan eskaintzekoa zuten kantu saioa, eta ez Mikel Laboa plazan iragarria zegoen moduan, euriagatik. LH eta DBHkoei tanta batzuk salbu, emanaldia kalean egitea ahalbidetu die eguraldiak. Amaierara arte; DBHkoei azken kantua amaitzear zutela hasi da zaparrada.

Oporretara
Goizeko kantu saioa eta txistor jan ederraren ondotik, bi aste eta erdiko oporraldian murgilduko dira gaurtik Udarregi ikastolako ikasleak eta langileak. Urtarrilaren 8an itzuliko dira ikasgeletara.