Osoko bilkura

1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 21a, 14:32

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkezturiko mozioa onartu zuen gehiengo osoz udalbatzak osteguneko osoko bilkuran. EAJk eta PSEk gai berari buruz aurkezturiko testuek ez zuten behar besteko babesik jaso.

1080 euroko pentsioa 14 ordainsaritan 2023ko urtarrilera arteko atzeraeginezko ondorioekin. Eskaera hauxe biltzen duen mozioa aurkeztu zuen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak osteguneko osoko bilkuran. Gehiengo osoz onartu zuten, baina bi testu alternatibo ere aurkeztu zizkioten EAJk eta PSEk.

EAJren bozeramaile Xabier Otxoak iragarri zuen proposatutako mozioaren aurka bozkatuko zutela. Aldarri nagusiarekin bat egin arren, gai hau kudeatzeko eskumena Estatuarena dela gogorarazi zuen eta "eskualdatzeko dagoela oraindik", aurkeztu zuten mozio alternatiboak jaso bezala.  

PSEtik ere proposatutako mozioaren aurka bozkatuko zuela iragarri zuen Petra Romerok. Testu alternatiboa aurkeztu zuen. 

"Borondate kontua da"
Egoera honen aurrean, pentsio duinen aldarria gauzatzeko dagoen oztopoa borondate falta dela adierazi zuen gobernu taldetik alkate Agurtzane Solaberrietak, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkezturiko mozioan jasotako eskaerak gutxienekoak, duinak eta justiziazkoak direla defendatzearekin batera. "Beti daude zirrikituak" zioen, borondatea egonez gero eskaera hau bideratzeko. Horren adibide gisa jarri zuen Usurbilgo Udala bera eta gizarte larrialdietarako dirulaguntzak. Jaurlaritzatik laguntza horietarako herriak ez duela nahikoa finantziazioa jasotzen zioen eta "falta den dirua, eta ez da gutxi, Udalak jartzen du", gogorarazi zuen Solaberrietak. Horregatik zioen, "borondate kontua da, ez hainbeste eskumen kontua". 

Eskerrak helarazi zituen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkezturiko mozioa sustatzen ari zen mugimenduko herrikide batek, gai honen inguruan udalbatzan egindako eztabaidagatik eta baita aurkeztutako mozioa onartu zutelako. "Gure aldarrikapena, Europako araudian oinarritua" dagoela gogorarazi zuen, pentsio duinik gabe "egoera tamalgarrian" bizi diren hainbat herritarren egoera gogora ekartzearekin batera; "gehienak emakumeak" nabarmendu zuen moduan.

Hiru bozketa
Honatx, beraz, hiru mozioen bozketen emaitza. Aipatu moduan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkezturiko mozioa onartu zuten soilik:
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkezturiko mozioren bozketa: EHBildu alde, EAJ eta PSE aurka. Onartua izan zen.
EAJk aurkezturiko mozioa: EAJ alde, EHBildu eta PSE aurka. Ez zen onartua izan.
PSEk aurkezturiko mozioa: PSE alde, EHBildu eta EAJ aurka. Ez zen onartua izan.



HIRU MOZIOEN EDUKIA
Onartutako mozioa: "Gutxieneko pentsioa 1080"
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak zuengana jotzen du Usurbilgo Udalaren osoko bilkuran mozio bat onar dezazuen, gure funtsezko aldarrikapenetako bat babestuz: pentsiodunen guztiek gutxienez 1080 euroko diru-sarrerak izatea bermatzea, 14 ordainsaritan.

Idazki honekin batera doakizu Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordearen aurrean egin eta aurkeztu dugun txosten laburtua eta osoa. Bertan eskatzen eta justifikatzen dugu errebindikazio hori, nola gauzatu eta zenbatesten dugu kostua. Txostena eskari honekin hasten da: "EHPMk egindako txosten honen bidez, 2023rako gutxieneko pentsioa 1080 eurotan ezartzeko gure berehalako eskaria bultzatu nahi dugu. Eskari hori Estatuko Gobernuari zein EAEko eta Nafarroako gobernuei zuzentzen diegu; azken horiei, gainera, eskatzen diegu, gaur egun 783 eurotan dagoen gutxieneko pentsioa finkatzen ez den bitartean, gutxieneko pentsio hori 1080 eurora arte osa dezatela hamalau ordainsaritan. Txosten honekin urrats bat gehiago ematen dugu gure eskariaren azalpenean, eta EAEko eta Nafarroako beharrezko aurrekontuaren zenbatespen ekonomikoa kalkulatuko dugu".

Gainera, txosten horretan adierazten dugu eskaera hori premia sozial urgentea eta justiziazkoa dela, erakunde publikoek herritarrei bizi-baldintza duinak bermatzeko behar diren erabakiak hartzeko betebeharra dutelako; baldintza horiek, lanetik etorritako diru-sarrerarik ez duten adineko pertsonen eta pentsiodunen kasuan, gutxieneko diru-sarrera nahikoak bermatu behar dituzte.

1080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeak nabarmen murriztuko luke pentsioetan dagoen genero-aldea. Bizi-kostuaren igoeraren arabera pentsioen balioa EZ handitzearen ondorioak nabarmenak dira, txostenaren 14. orrian ikus daitekeen bezala: "... egiaztatzen dugu azken urteetan (2011tik 2023ra) LGS Lanbide arteko Gutxieneko Solada 641,40 eurotik 1080 eurora igo dela, baina gutxieneko pentsioa 601,40 eurotik 783 eurora baino ez da igo. Pentsioak soldata geroratuak dira, zalantzarik gabe, eta haien zenbatekoa zuzenean lotuta dago jasotzen diren soldatekin; beraz, gutxieneko pentsioak ere LGS izan behar du erreferentzia gisa. Onartezina da 2011n Gutxieneko Pentsioan LGSren %93,7 izatea eta 2023an %72,5 izatea".

Gaur egun, bizi-kostuaren hazkunde esponentziala dela eta, gero eta pentsiodun gehiagok galtzen dituzte etxebizitza osasungarria eta beren beharretara egokitua izateko aukerak, elikadura osasungarria, haien osasuna eta mendekotasunari erantzuteko arreta eraginkorra bermatzea... Gaur egun, EAEko 167.718 pentsiodunek 1080 eurotik beherako diru-sarrerak dituzte pentsioengatik; gehienak emakumeak dira.

Gutxieneko pentsioaren aldagai guztiek emakume izena dute. Genero-ezberdintasunean ikusten da hori, eta horren aurrekaria da soldaten ezberdintasuna eta emakumeen alde bateko esleipena ordaindu gabeko edo gaizki ordaindutako lanari, ugalketaren eta zaintzen eremuan.

1080ko aldarrikapen horrek duela bost urte baino gehiagotik gure mobilizazioetan parte hartu duten milaka pertsonek ematen dioten zilegitasuna du.

Ondorioztatzen dugu ez dagoela arrazoi ekonomiko edo politikorik ez egiteko, eta ezin dugu egun bat gehiago itxaron.

Horregatik, Usurbilgo Udalaren osoko bilkurari honako erabaki hau eskatzen diogu:
1-EAEko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari demandatu, 1080 eurora arte osatu dezaten pentsiodunen gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin.
2-EAEko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari jakinaraztea udal honen osoko bilkuran hartutako erabakia.


Onartu gabeko PSEren mozioa
Pentsioen sistema publikoa Ongizate Estatuaren oinarrizko pieza bat da, gizarte-kohesioa bermatuko duen ekintza solidarioa eta birbanatzailearen irudia. Horregatik, 2012an PPren gobernuak sustatutako politikak iraultzen saiatu gara, pentsioen sistema publikoari mehatxu larria egin baitzioten hiru zentzutan:
1-Finantza-kohesiorako mehatxua (diru-sarreren eta gastuen arteko desoreka, kotizatzailearen murrizketa, soldaten debaluazioa edota beste akzio mota batzuen ondorioz, hala nola, enpresarien kotizazioak murriztea edo tarifa finkoa ezartzea...).
2-Babes-gutxiegitasuna artikulazio juridikoan (iraunkortasun-indizea sartzea).
3-Elkarrizketa sozialarekiko mespretxua (23/2013 Legeak sartutako egitura-aldaketen aldebakartasuna).

Aldi horretan, gure lehentasuna sistemak sendotasun handiagoa har zezan lan egitea izan da, kolektibo ahulenak gehiago eta hobeto babes zitzan, ekonomia- eta finantza-arloan jasangarriagoa eta etorkizuneko belaunaldietako solidarioa izan zedin, eta hori guztia elkarrizketa politikotik (Toledoko Ituna) eta elkarrizketa sozialetik (sindikatuak, enpresariek...) abiatuta eta Europarekin adostuta egitea. Azken batean, sistema honek ziurgabetasunik sortuko ez duen sistema baten alde lan egin dugu, eta "gehiengo sozialarentzat", Escrivá ministroak Legebiltzarrean esan zuen bezala, erreformaren bigarren zatiak gauzatu zuen Errege Dekretua onartu zenean.

Eta Toledoko Itunetik sortu ziren konpromiso hauek Berreskuratze eta Erresilentzia Planean (30. osagaia) islatu, eta, ondoren, dagozkien errege-dekretuen bidez garatu dira, ganberaren gehiengoak berretsita.

Hau guztiagatik Usurbilgo Udalak honako hau eskatzen dio Espainiako Gobernuari:
1-Pentsioak KPIarekin eguneratzen jarrai dezan, pentsiodunek erosteko ahalmena gal ez dezaten. Era berean, gutxieneko eta kotizazio gabeko pentsioak igoera orokorraren gainetik igo dezan, Europako bataz bestekora iritsi arte.
2-Genero-arrakala ezabatzeko lanean jarrai dezan, kotizazioetako gabeziak eta hutsuneak gaindituz eta pentsioaren azken kalkuluan egoera horiek zuzentzeko mekanismoak sartuz.
3-Pentsioen Sistema Publikoaren iraunkortasuna bermatu dezan, urtero Gizarte Segurantzaren kutxarako baliabideak bideratuz.
4-Erabakiak Toledoko Itunean hartzen jarrai dezan, itun hori baita jarrera politiko, ekonomiko eta sozial desberdinen arteko topagune naturala.
5-Eragile guztien arteko elkarrizketa indar dezan, aurreko helburuak lortzeko beharrezko adostasunak bilatuz.
6-Europar Batasunaren barruan ere akordioa bilatzea.
7-Espainiako gizarte osoarekin solidarioa izanda egin dezala, Espainiako gizarteak euskal pentsioen sostenguarekin egiten duen bezala. Izan ere, ez dago langile guztien elkartasuna hobekien adierazten duen ezer Gizarte Segurantzaren kutxak baino.
8-Gure gizarte-babeseko sistema publikoa indartzera, gure bizi-premiak aseta izan ditzagun, edozein adina dela ere.


Onartu gabeko EAJren mozioa: "Pentsioei buruzko mozioa"
Kotizazioak Estatuko Gizarte Segurantzaren Kutxara egiten dira. Gizarte Segurantza da egokitzapenak gauzatu behar dituena. Estatuaren eskumena da. Eta eskumenez eta Gizarte Segurantzaz ari garela gogoratu eskualdatzeko dagoela oraindik Gernikako Estatutuak Euskadiko Autonomi Erkidegoaren esku uzten duen Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren Kudeaketa.(18.2.b art.) Orduan zertara dator mozio honen bitartez ardura eta eskaera euskal instituzioetan ipintzea, hauek, eskumen hori edukitzeak suposatuko lukeen baliabide propiorik gabe itzeleko ahalegina egiten ari direnean gutxieneko pentsio horiek osatzeko.

Esaten ari garenaren adierazlea izango litzateke Lanbideen Arteko Gutxieneko Soldata eta Gutxieneko Pentsioaren artean sortu den arrakala. 2011ean Gutxieneko Pentsioa Lanbideen Arteko Gutxieneko Soldataren %93’7a zen, eta 2023an, %72’5a. Halaber, gaur egun prentsatik ari gara enteratzen Espainiako Presidente berriaren inbestidura eta gobernuaren osaketa ematen denean Lanbideen Arteko Gutxieneko Soldata igotzeko asmoa dagoela, pentsioak bere horretan utzita arrakala areagotuko litzatekeelarik. Hori da egoera honen eszenategia, Estatua, eta hor eragin behar da. Gainontzekoak borondate oneko osagarriak gara.

Hori dela eta ondorengoak adostea eskatzen diogu Usurbilgo Udalari:
1. Estatuko Gobernuari eskatzea Eusko Legebiltzarrak 2018ko martxoaren 1ean gehiengo zabal batez adostu zuen akordioan xedatutakoari erantzunez, pentsio sistema nahiko eta jasangarria bermatzea, elkartasunean eta gardentasunean oinarrituta, pentsio duina jasotzeko eskubidea betez eta egiazko finantzaketa iturriak direla medio pentsio duin eta aurreikusgarriak ematen direla bermatuz.
2. Estatuko Gobernuari eskatzea gutxieneko pentsioa duintzeko esfortzua egin dezala sistema elikatzeko diru sarrerak handitzera bideratutako neurriak hartuz, sistemaren beraren gastuetan eraginez eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata erreferentziatzat hartuz.
3. Estatuko Gobernuari eskatzea, lehen puntuan aipatzen den akordioa gogoan eta Euskadiko pentsiodunen egoera hobetzera begira ezinbestean bete behar den baldintza dela aintzat hartuz, urratsak ematen has dadila Segurantza Sozialaren eskuduntzak Euskadiko erakundeei transferitzeko, Gernikako Estatutuaren 3/1979 lege Organikoaren 18.2. artikuluan eta Aldi baterako 5. Xedapenean jasotzen denarekin ados.
4. Eusko Jaurlaritzari eskatzea Eusko Legebiltzarrak 2022ko abenduaren 22an gehiengo zabal batez onetsi zuen Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren 14/2022 Legearekin ados,pentsiorik baxuenak osatzen jarrai dezala hiritargoaren bizi baldintza duinei eusteko eta prestazio hau Europako estandarretara egokituta dagoela bermatuz.
5. Estatuko Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari ezagutzera ematea Udal honetan adostu den akordioa.