Akordioak lau urteko indarraldia izango du. Udalbatzak aho batez hartutako erabakia IHOBE Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari emango diote.
Horrekin batera, sare horretan Udalak izango duen ordezkaritza ere zein izango den zehaztu dute; Agurtzane Solaberrieta Mesa izango da arduradun politikoa eta Ainhoa Arrozpide Landa zinegotzia haren ordezkoa. Bestetik, Ibon Goikoetxea Retegi ingurumen eta nekazaritza alorreko udal teknikaria izango da arduradun teknikoa, eta Nora Erdozia Ibañez udal arkitektoa bere ordezkoa.
Aurrekariak
Usurbilgo Udalak akordio honekin bat egitea erabaki du, izan ere, "Usurbilgo Udala lerratuta egon izan da lan ildo honekin". Hain zuzen, Udalak 2008an Agenda 21eko ekintza plana onartu zuen "Usurbil jasangarritasunaren bidean kudeatzeko ekimenaren baitan". Udala ordutik, "Udalsarea 21 sareko kide izan da".
Udaletik azaldu dutenez, "Lehen Tokiko Agenda 21 moduan ezagutzen zena eta orain 2030 Agenda bezala izendatu dena, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak “Gure mundua eraldatu: garapen jasangarrirako 2030 Agenda” dokumentuan du oinarria".
Asteazken honetako osoko bilkuran nabarmendu zutenez, baliagarria izango da akordio honi atxikitzea beste herrietako praktika onak ikasi eta herri honek izan ditzakeen hainbat erronkei heltzeko dirulaguntza deialdi hainbatetara aurkeztea ahalbidetuko baitio Udalari.
Norabide honetan, halako pauso gehiago emana da lehendik Udala, asteazkeneko udalbatzarrean gogorarazi zutenez. Hobeki hondakinen kudeaketa hobetzeko Euskal Herriko toki erakundeen elkarteko kidea da Usurbilgo Udala, eta udaberrian, bestalde, lau izarreko Zero Zabor Ziurtagiria jaso zuen udalerri honek.
"Udalsarea 21"etik "Udalsarea 2030"era
Udaletik azaldu duten moduan, "Udalsarea 21–Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea 2002ko abenduaren 20ko eraketa-hitzarmena sinatzearen bidez sortu zen. Sarea euskal Administrazio publikoen arteko koordinazio-foro bat izateko asmoarekin sortu zen, jasangarritasuna udal mailan sustatzeko, Tokiko Agenda 21 euskal udalerrietan ezartzeko bidean aurrera eginez, EAEko Ingurumen Esparru Programarekin bat etorriz".
Akordioa berritzen joan ostean, 2019an "Udalsarea 2030" izena hartu zuen; "Udalerri Jasangarrien Euskal Sarea, bere kideen ibilbidearekin bat etorriz eta bere helburuak 2030 Agendaren jarraibideekin lerrokatuz".
Hala, akordioaren helburua, "da tokiko jasangarritasuna Udalsarea 2030 – Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearen bidez Euskadin bultzatzera zuzendutako kooperazio- eta lankidetza-esparrua ezartzea. Horri begira, Tokiko 2030 Agendaren aldeko konpromisoaren eta beraren ezarpen, garapen eta jarraipenaren alde egiten duten Administrazio publikoen arteko harremanak arautzen dira".
Konpromisoak eta eginkizunak
Mintzagai dugun sare honek, "izaera parte-hartzaile eta irekia du; izan ere, kide berrien borondatezko atxikimendua sustatzen du eta izaera dinamikoa ematen dio, bere partaide guztiak jasangarritasunaren alde inplikatzearen bidez".
Eremu ezberdinetako erakundeek bat egin dezakete sare honekin. Udalen kasuan, hauek dira akordioak zehazten dituen konpromiso eta eginkizunak:
–2030 Agenda bide-orri gisa erabiltzea tokiko plangintza eta ekintzarako, eta GJHen araberako ikuspegia udal politika eta kudeaketan txertatzea.
–Aurrera egitea, modu gradualean, Tokiko 2030 Agendaren prozesuen inplementazioan, Udal bakoitzaren konpromiso politiko gisa eta etengabeko hobekuntzarako konpromiso gisa, udalerriak eta/edo eskualdeak garapen jasangarriari egiten dion ekarpen bezala.
–Kargudun politiko bat eta ordezko bat izendatzea Sarerako ordezkari gisa, eta baita interlokuzio teknikorako pertsona bat ere izendatzea.
–Sarearen jarduera eta foroetan modu aktiboan parte hartzea edo ordezkaritza dagokion Eskualde- erakundeari delegatzea, Sarearen plan estrategikoetan eta kudeaketa- planetan ezartzen diren helburu espezifikoak betetzen laguntzeko.
–Kontaktuak, informazioa, ezagutza, materiala eta esperientziak modu proaktiboan ekartzea eta konpartitzea, Sarearen liburutegi birtuala zabaltzeko eta beraren adimen kolektiboa handitzeko. Ihobek horren banaketa kudeatuko du.
–Kolaboratzea eta Sarearen eskari eta beharrei erantzutea, eta, zehazki, udal politika eta antolaketari buruzko bi urtetik behingo inkesta betetzea, Euskadiko Tokiko Garapen Jasangarriaren Behatokirako.