“Gabonak kontsumismoa edo tradizioa?” galdera honen jiran, egungo kontsumo eredua hizpide izango duten topaketak antolatu dituzte Usurbilgo gazte mugimenduko eragileek lankidetzan; hau da, Ernai gazte antolakundeak, Aztarrika gazte asanbladak eta Kafe Tertulia Usurbilgo Neska* Gazteen Talde Feministak.
Salerosketa masiboko egunon bueltan, indarrean dugun kontsumo moduaz hausnartu nahi dute eta horri lotuta antolatu dute ekimen sorta abenduaren 23tik 26ra, "gabonak gazte mugimenduarekin! Herrian ekoitzia" aldarripean.
Hasteko, bigarren eskuko azoka iragarri dute larunbaterako; erosi eta bota ordez, hainbat gai utzi, hartu, trukatu eta berrerabiltzeko. Horretarako biltzen aritu dira egunotan Sutegiko erakustaretoan liburuak, diskak, arropa, osagarriak edota oinetakoak. Jasotakoa ikusgai jarriko dute abenduaren 23ko AztarriTruk bigarren eskuko azokan. Bilketan parte hartu dutenez gain, herrikide oro gerturatu ahalko da gazte mugimenduak frontoian egokituko duen gunera, dagoen eskaintza ikusi eta gustuko zerbait aurkituz gero, dagoena hartzera.
Kontzientziaziorako
Egungo kontsumo ereduak duen eraginaz pentsarazi nahi digute ekimen honekin. “Helduek gehien jasotzen dituzten opariak arropa eta oinetakoak dira. Arropa, oinetakoak eta etxerako ehun-gaiak dira ura kutsatzeko arduradun nagusiak, eta berotegi-efektuko gas-isuri handiak sortzen dituzte”, ohartarazi dute gazte mugimendutik. Hainbat datu plazaratu dituzte. Esaterako, “kamiseta berri bat egiteko 2.700 litro ur gastatzen dira. Pertsona batek bi urte eta erdian edaten duen ur kantitatea”. Ez hori bakarrik. “Urtean 92 milioi tona ehun-hondakin sortzen dira. Europar batek bataz beste 11 kilo arropa botatzen ditu urtero”.
Soinean daramagun arropak ere zer pentsatua eman beharko ligukeela dio gazte mugimenduak. “Egun janzten dugun arroparen produkzioa: pobrezia indize altuenak dituzten herrialdeetako langileen esplotazioan oinarrituta: 12 orduko lanaldiak= 3 dolar, gaixotzeko arriskua, eskubideak defendatzeko ezintasuna, 50 milioi pertsona inguru dira esplotazio honen biktima, %80a emakumezkoak eta %12 haurrak”.
Jazten ez dugun arroparik bada baita. “Zer gertatzen da saldu ez den arroparekin? Deadstockean amaitzen dute. Horrek arropak zabortegietan amaitzeaz gain, prozesuan erabilitako materialak alferrik xahutzea dakar. Iaz 44 milioi tona arropak Atacamako basamortuan amaitu zuen”.
Trukea eta berrerabilera sustatu nahi dute horregatik hilaren 23ko azokaren bidez, saldu, erosi eta bota logikatik aldentzeko eta egungo kontsumo eredua auzitan jartzeko. Azokaz gain, hilaren 26rako jardunaldi eguna iragarri dute; batetik, gai honetan gabonen testuinguruan ditugun rolez arituko dira zaintza hizpide izango duten goiz partean; egungo kontsumo modua ertz ezberdinetatik aztertu nahi dute arratsaldean. Eguna herriko musikariekin agurtuko dute. Musika aipatuta, euskal kantuen bira iragarri dute Mari Domingi eta Olentzero datozen igande honetarako.
Usurbilgo gazte mugimenduaren topaketak
Abenduak 23, larunbata
11:00-14:00 AztarriTruk bigarren eskuko azoka Usurbilgo frontoian.
Abenduak 24, igandea
17:30 AztarriKant kantu-jira herrian barrena Olentzerorekin Dema plazan.
Abenduak 26, asteartea
11:30 Kafe Tertuliak antolaturiko "gabonetan ere nork zaintzen gaitu?" hausnarketa saioa Potxoenean.
17:00 "Kontsumismoaren hamaika aurpegi: larrialdi klimatikoa eta pobrezia aztergai” mahaingurua Potxoenean.
20:00 Kontzertuak Aitzaga aurrean: Txiskeroak, Anuk eta Elene.
Antolatzaileak: Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanblada, Kafe Tertulia Usurbilgo Neska* Gazte Feministen Taldea, Usurbilgo Ernai.