Urtarrilaren 13rako arratsaldeko 17:00etan hitzordua finkatua zuen Sarek Bilboko La Casillan, baina ordubete aurreratzea erabaki du urteroko manifestazioa, 16:00etara hain zuzen. "Ez da, inolaz ere, erabaki erraza izan", adierazi dute agerraldi bidez gaur antolatzaileek. Ordu aldaketa hau, egun eta ordu horren bueltan Bizkaiko hiriburuan bertan egitekoa duten Realaren eta Athleticen arteko neurketak eragin du. "Astelehenean jakin genuen urtarrilaren 13an Bilbon, ordu beraren bueltan, bi ekimen jendetsu izango direla; urtero milaka herritar batzen dituen manifestazioa eta, aurtengoan baita ere, milaka zale bilduko dituen Athletik eta Errealaren arteko derbia. Joan-etorri askoren ostean, udaltzaingoarekin, futbol klubekin, zein bestelako eragileekin kontrasteak egin ondoren", hilaren 13ko manifestazioa 16:00etara aurreratzea erabaki du Sarek.
Hartara, "bi ekitaldiak elkarren talka izatea baino, eta, ondorioz, batean zein bestean izateko grinaz diren herritarrak erabaki bat hartu beharrean ez izateko, bi ekitaldietan parte hartzeko aukera sortzearen alde egin nahi izan dugu".
Saretik adierazi dutenez, "kontziente gara, erabakiak harridura edota zalantza sor dezakeela urtez urte Bilbora gerturatu ohi diren herritarren artean, baina, erabaki hau hartzera eraman gaituzten arrazoiak ulerkorrak direlakoan gaude, eta hala izatea espero dugu".
Ordu aldaketak, antolakuntzak finkatuak zituen helburuak betetzen lagundu dutelakoan daude. "Bilboko kaleak aldarriz betetzea, ezberdinen arteko elkarretaratze erraldoi bat gauzatzea eta herri gisa partekatu nahi dugun mezua, inolako itzalik gabe, argi entzunaraztea".
Horregatik, urtarrilaren 13an, 16:00etan Bilboko La Casillatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du Sarek. "Urtarrilaren 13an elkarbizitzaren eta konponbidearen alde bidea egiten jarrai dezagun eta 16:00etan La Casillatik abiatuko den manifestazioan parte har dezan, bizikidetza eraikitzeko bidean, eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea ahalbidetu dadin. Horretarako, legeria arrunta aplikatuz euskal preso, errefuxiatu eta iheslarien etxera itzultzeko bidea zabaldu eta ahalbideratu behar da, eta bide hori bateragarria da indarkerien biktima guztiak erabat errespetatzearekin, haien mina onartzearekin eta eragindako kaltea konpontzeko beharrarekin".
Giltzen herri argazkia
Bilboko manifestazioaren atarian, hilero azken ostiraletan Sarek deitzen dituen elkarretaratzeak egingo dira abenduaren 29an. Baita Usurbilen ere, iluntzeko 20:00etan hasita Mikel Laboa plazan. Honako hau, ordea, berezia izango da; urtarrilaren 13ko mobilizazioari babesa adierazteko konponbiderako giltzen herri argazkia aterako da.
Bestalde, urtarrilaren 13an Bilboko manifestaziora joateko autobus zerbitzua antolatuko du Usurbilgo Sarek. Ohi bezala, bertan izen-ematea aurrez bideratu beharko da ohiko tokietan.