Orbeldiko presa ezabatzeko eskaera

Noaua Aldizkaria 2023ko abenduaren 22a

"Naturaren eta bizidunon mesederako Orbeldiko presa ezabatu" aldarridun pankarta eseki dute Orbeldiko presaren parean.

Albiste honi atxikitako irudiko zonalde horretan, "interes publikokotzat" jo zuen Foru Aldundiak, Orbeldiko ur bizien kanalaren egitasmoa irailaren 1eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ohartarazi zuen moduan. Handik hamar egunera, Oria ibaiko ura jolas-erabilerarako aprobetxatzeko emakida-eskaera aurkeztu zuen Orbeldi Ur Bizi Kanala Elkarteak. 

"Usurbilgo «Orbeldi auzoan ur bizien kanal bat ezartzeko lurzoru urbanizaezinaren plan bereziak» ahalbidetzen duen jarduketa interes publikokotzat jotzeko eskaera" argitaratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasuneko, turismoko eta lurralde antolaketako departamentuak. 

GAO-ko argitalpenak azaldu zuenez, "espedientearen xedea da kirol-ekipamendu bat –Ur Bizien Kanala– ezartzeko hirigintza parametroak zehaztea, eta, halaber, Oria ibaiko Orbeldiko presaren inguruko ingurumena hobetzea (ur eta arrantza egoera hobetzea)".   

Proposamenaren xedea da 1,74 hektareako eremu hau "ekipamendu komunitario gisa kalifikatzea, ibaiaren kirol-erabilerarako", horretarako, "egokitze horren barnean sartzen delarik garatu beharreko jarduerari lotutako zerbitzu-eraikin bat eraikitzea (ontzien biltegia, aldagelak, komunak, harrera etab.)".

Eraikin horren zenbait ezaugarri zehazten ditu gaurko GAO-ren argitalpenak. "Proposatzen den eraikinak zentral zaharraren eraikigarritasunaren antzekoa izango du –731 m²(t)–, eta profil hau zehazten da eraikin berrirako: bi soto, beheko solairua, eta goiko solairua, beheko solairuaren sestraren gainetik gehienez ere 7,00 metroko altuerakoa. Era berean, ibilguarekiko 5,00 metroko zortasuna errespetatzen da, eta zentral zaharraren hondarrek hartzen zuten eremua baino atzerago kokatzen da eraikin berriaren lerrokadura".

Horrez gain, "Plan Bereziak eremu bat gordetzen du ibilgailuen eta bizikleten aparkaleku izateko; baita, jarduketa-eremuaren zati batean, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat egiteko ere, hain zuzen ere Zubieta eta Santuenea auzoa lotzen dituen Learritza bidearen ertzerako proposatuta dagoen biderako. Horrez gain, aurreikusten du bide hori egiteko behar diren lursailak lagatzea eremuaren gainerako azaleran, bidea Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean jasota baitago".

Aipatu moduan, eremu horretan eseki dute albiste ondoko irudiko pankarta: