Negu hasierako ohituren ispilu izan zen urte hasiera; amaitzear izan ziren eguberrien bueltako erregeen etorrera izan genuen lehenik, eta haren ostean, txotx bolada berriaren hasiera.
Urte berriarekin batera, ikasturtea abiarazi zuen (hamabosgarrena) Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Agerialdeko entsegu saioei ekitearekin batera, hilabete haren amaieran egindako 2023ko lehen kantu-jiran herri honen historian arakatu eta bertako kantutegiko abestiak berreskuratzen hasi zen aipatu herri bilgunea; "Sagardua" izenekoa gogotik kantatu zuten.
Joxan Artze hil zenetik bost urte bete ziren urtarrilean. Urtemuga honen testuinguruan, “Isturitzetik Tolosan barru” ikus-entzunezkoa aurkeztu zuten.
Kutsadura gehitzen
Erraustegia ere hizpide izan genuen hilabete berean; planta honen bueltan kutsadura hazten doala ohartarazi ziguten beste urte batez, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua Toxicowatch fundazio holandarrarekin lankidetzan egiten ari den urteroko kontrol herritarraren emaitzek. Bestalde, GuraSOSek berri eman zuenez, erraustegitik Arkaitzerrekara izandako filtrazioak "ingurugiroaren aurkako delitu" gisa ikertzen hasi zen Donostiako epaitegietako bat.
Zerura begira ere egon ginen urte hasiera hartan; lurjausi eta zuhaitz erorketak eragin zituen euri zaparradak eta haize bolada gogorrak izan genituen urtarrilaren 17an eta biharamunean kazkabarrak herria zuritu zuen. Ikastetxeek aterpean eskaini behar izan zituzten urtarrilaren 19ko danborrada saioak.
Hilabetea Andatzan agurtu zuten 500 kirolarik, bizikleta gainean, izenak ere probari gorazarre egin zion Irisasi BTT Hotzak Akabatzen ekimenean, igande goiz hotz askoa izan baitzuten egun hartakoa. Kirol albisteekin segita, Itoitz Rodriguez Real Sociedadeko korrikalari usurbildarrak marka berri bat ezarri zuen, Iñigo Arzacek 1987an ezarritakoa hobetu zuen.
Andatza aipatu dugula, bertako errotarriak ezagutzeko Usurbilen homologaturiko lehenengo mendi ibilbidea aurkeztu zuen Usurbilgo Udalak, errotarri zaharrena Potxoenean ikusgai jartzearekin batera. Beste egitasmo bat, "Aktibatzen" plan estrategikoa ere hizpide izan zuen Usurbilgo Udalak. Sektoreko hainbat herri eragilerekin lankidetzan garatzen ari den Aktibatzen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren plan estrategikoaren testuinguruari lotutako zenbait ekimen iragarri zituzten hasi berri genuen urterako.
Hilabetea agurtzeko Argia Sariak banatu zituzten; aurreko bi urteetako osasun krisialdiaren ostean, Atxega jauregian berriz. Herrikideak partaide dituen bi egitasmo saritu zituzten; Entzunezko Argia Saria Iñurri elkartearen (Min)bizi podkast-ak jaso zuen eta Interneteko Argia Saria euskal Mastodon komunitateak.
Egun berean, Sareren azken ostiraleko elkarretaratzean bi gezidun irudi berria plazaratu zuen.
2023ko urtarrileko argitalpenak
53. Herrira Begira: "(des)orekaz"
Urtarrilaren 5eko 933. zenbakia
Urtarrilaren 12ko 934. zenbakia
Urtarrilaren 19ko 935. zenbakia
Urtarrilaren 26ko 936. zenbakia