Jose Luis Zumetak Udalaren eskariz 1973an frontoi atzealdean sortutako horma-irudiak 50 urte bete ditu agurtzear garen urte honetan. Kontserbazio lanei ekin berritan, urtemuga honen omenez Zumeta Arte Estudioak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko ekitaldi zikloa aurkeztu zuten otsailean.
Gainerakoan, neguko ospakizun betean igaro genuen hilabetea; batetik, lurra gogotik esnatu zuten makil kolpe eta koplekin Santa Ageda bezperarako Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak antolatu zuen herri bira bereziak. Inauteriek hartu zieten lekukoa; lehenbizi, Zubieta eta Lasarte-Oria lotu zituen Euskal Inauteriek otsailaren 11n eta astebete beranduago herria goitik behera mozorrotu zuen Inauteri Festa koloretsuak; ikastetxeen emanaldiak, Orbeldikoen dantza saioa, txaranga bidelagun zuen kalejira jendetsua, joaldunak ere kalean gora eta behera.. Zinea hizpide zuen jaialdi handian bilakatu zuten herrikide izarrek Usurbil.
Aurkezpen sorta
Egitasmoen atalari dagokionean, Potxoenea eta Sutegiko aretoak online erreserbatzea ahalbidetuko zuen erreserbak.usurbil.eus webgune berria aurkeztu zuen Usurbilgo Udalak, baita laster gauzatzen hastekoa zuen Etxealdiko irisgarritasun plana ere. Taldeen arteko koordinazioa hobetzea xede duen Usurbilgo Egutegi Dinamikoa aurkeztu zuen Usurbilgo Kulturguneak.
Usurbil 1936 oroimen historikoa berreskuratzeko elkarteak bere erakusleihoa dena, usurbil1936.eus webgunea aurkeztu zuen. Beste aurkezpen bat; Etumeta AEK euskaltegiak, literatura lehiaketa berri bat abiarazi eta lanak aurkezteko epea zabaldu zuen. Izen-emateko epea ireki zuen baita Udalak, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan bizi nahi zutenentzat. Bestalde, Usurbilgo multikirolak aztergai zituen parte hartze prozesua abiarazi zuten.
Antolatzen
Usurbilgo jaiak antolatzeko biltzen hasi zen Jai Batzordea, Martxoaren 8ko ekimenak antolatzeko lanei ere ekin zieten. Prestaketa lan gehiago; izan ere, hauteskunde urtea izan dugu aurtengoa. Tartean, udalbatza berritzekoak egin ziren maiatza amaieran. Bozketa haietara urte hasieran hasi ziren jakinarazten alkategaiak nortzuk izango ziren; Agurtzane Solaberrieta Mesa bigarrenez aurkeztuko zela jakinarazi zuen EHBilduk.
Txapelketaz txapelketa
Erik Jakak eta Aitor Aranguren aginagarrak Binakako Txapelketako bigarren garaipena lortu zuten Iruñean, aginagarren babesa jaso zuen neurketa eremuan bertan. Binakako Master Laboral Kutxan ere aurrera egin zuen Miriam Arrillagak. Mikel Arroio herrikidea saritu zuten Gipuzkoako Binakako Bola Txapelketan. Bestalde, bi bikote sailkatu ziren herrian jokatutako kanporaketa saioan, Euskal Herriko Musi Txapelketako Gipuzkoako finalerako.
Elkartasuna eta "bisitariak"
Herritar talde batek Turkia eta Siriako lurrikaretan izandako kaltetuentzako janari eta higiene produktuen bilketa egin zuten Mikel Laboa plazan. Herritar askok eman zizkieten denetariko produktuak.
Ezohiko bisita bat ere izan genuen herrian; militarren. Errei bat itxita zegoen eta gutxienez bi istripu izan ziren N634 errepidean barrena ikusi zituzten, baita Txokoaldetik Urdaiagarantz.
Osasuna hizpide
"Herri askeago bat lortzera bidean, Usurbilgo gazteok honen gaineko ardura hartu nahi dugu". Sexu nortasunei, norbere desirari lotutako hainbat galdera, zalantza idatziz jaso zituzten hainbat kartel jarri zituen Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak aste haietarako antolaturiko hausnarketa saioen harira.
Ernai gazte antolakundeak, bestalde, udazkenean zehar osasun mentalaren inguruan sare sozialetan eseki zuen galdetegiaren bidez jasotako emaitzak aurkeztu zituen. “Usurbilgo gazteen %83ak azken urteetan bere osasun mentala artatzeko beharra sentitu du baina %55ak soilik jarri dio arreta”, hortxe emaitzetatik atera zuten ondorioetako bat.
Osasun arloko gaiekin segita, aurreko hiru urteetako covid19ak eragindako azken murrizketak bertan behera utzi zituzten; garraio zerbitzuetan musukoa erabiltzeko derrigortasuna ezabatu zuten.
Hilabetea zurituta agurtu genuen; elurrak herria itxuraldatu zuen otsailaren 27an, azkeneko elurtetik bost urte betetzear ziren egunaren bezperan hain zuzen.
2023ko otsaileko argitalpenak
Otsailaren 3ko 937. NOAUA!
Otsailaren 10eko 938. NOAUA!
Otsailaren 17ko 939. NOAUA!
Otsailaren 23ko 940. NOAUA!